Bizikidetza esperientzia bitxia eta garaipen ekologista baten kronika ekarri dugu gaurkoan uhinetara, izan ere, Notre-Dame-des-Landes herrian dagoen ZAD gunea aztertu dugu gaurko saioan. Iñaki Etxeleku Thikoipek ZAD bizi dutenen ahotik liburua idatzi zuen 2018an, kanpaleku honen historia ezagutzeko oso aproposa. ZADen historiak 1967an du abiapuntua. Frantziako gobernuak aireportu berria egiteko egitasmoa abiatu zuen orduan, eta lurrak bereganatu zituen horretarako. Ekologistek eta bertako baserritarrek, proiektuari aurre egiteko, lur horiek okupatu eta haiengatik borrokan hasi ziren. Bizimodu eredu alternatiboak praktikara eramateko kanpaleku alternatiboa sortu zuten eta hainbat urtez horretan ahalegindu dira. 2018an, azkenik, Macronen gobernuak amore eman eta aireportuaren proiektua bertan behera utzi zuen. Bitartean, bertan garatu den proiektu alternatiboa saiatu da bestelako bizitza eredu ekologista eta autogestionatua praktikara eramaten. Bere gorabehera, kontraesan eta arrakastak islatzen saiatu da Etxeleku liburu honetan, bertako lagun batzuei egindako elkarrizketen bidez.
Deskargatu hemen.