Gaur estreinatuko da Caminho Longe filma, 17:00etan Bilboko Multicines 7 zinema aretoetan, azkenik, Donostiako iazko festibalean aurkeztu ondoren eta pandemiak aurrestreinaldiak atzeratu ostean. Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan eta Bartzelonan ere estreinatuko da aldi berean dokumental hau. Sao Tome irlan, Sao Tome i Príncipe herrialde txikian 33 urte eman zituen Alfonso Etxegarai euskal deportatua eta haren bikotekide Kristian Etxaluz dira Crowdfunding bidez finantzatu den film honen protagonistak. Duela 11 urte Sagarren denbora filmean bikote hau ezagutu genuen, nortzuk diren, nola hazi ziren, bakoitza Euskal Herriko punta batean, nola ezagutu ziren militantzia giro politiko batean, nola Deportatu zuten Alfonso, lehenik Ekuadorrera -eta bertan torturatu- eta gero Sao Tome irlara, eta nola deportazioak 33 urtez baldintzatu zituen beren bizitzak, beren arteko harremanak… Adabaki ekoizpenak taldeak egin du, Josu Martinez eta Txaber Larreategi izan dira zuzendariak, baina lantaldean, besteak beste, Hibai Castro kameralari bilbotara izan da. Gurean izan da Hibai, filmazioaren eta estreinaldiaren inguruko xehetasunak ematen.
Deskargatu hemen.