Euskal musika munduan aspaldi ezagun dugun emakume batek irekiko du gaurko saioa. Afrika Bibang du izena eta bere ibilbidea zabala eta oparoa da. Orain disko txiki batekin datorkigu, txiki 4 abesti baino biltzen ez dituelako, baina handi bertan dagoenagatik. EP honen izena Ispiluaren Aurrean da, eta bertatik pare bat abesti. Boy Scouts taldearen azken diskoa (Wayfinder) aurkeztu genuen aurreko saioan. Disko ederra iruditzen zaigu eta berriz ekartzeko tentazioari ezin eutsita horra hor beste bi abesti Taylor Vick musikariaren azken diskotik. Hurrengo gonbidatuarekin beste eremu batera hurbilduko gara. Peter O’Grady-k musika elektronikoa egiten du ( house, dubstep, UK funky, UK garage…). Joy Orbison da erabiltzen duen eszena-izena. Bere azken diskoak still slipping vol. 1 izena dauka, eta klikak, erritmo obsesiboak eta gustu handiko piezak bildu ditu bertan. Giro honek King Krule musikaria ekartzen digu gogora eta hariari jarraituta The Ooz disko gogoangarria ekarriko dugu hurrengo minutuetan bi abesti zoragarrirekin: “Biscuit Town” eta “Dum Surfer”. Mende honen lehenengo urteetan, musika elektronikoa eta organikoaren nahasketa erabiltzen zuten taldeak eman ziren ezagutzara, haien artean Lali Puna eta gaur ekarriko duguna Múm. Islandiako taldearen musikan soinu tragiko eta ilunen artean gozotasun eta itxaropen izpiak atzematen dira. Summer Make Good dauka izena entzungo dugun diskoa eta 2004koa da. Múm taldearen musika ez dago Espers taldearen musikatik oso urrun, hautu estetikoak gora-behera. Talde honek The Weed Tree kaleratu zuen 2005ean, eta honetan ere gozotasun ilun bat atzematen da. Gaur bi abesti ekarriko ditugu disko horretatik. Eta gaurko saioa bukatzeko Arrasatetik datorkigu gonbidatua. Ekiñe izenez kaleratu du Ekiñe Casadok abesti sorta lasaigarri bat Besterik Ez izenez.
Deskargatu hemen.