ERREPORTAJEA: Begoñako Argia proiektua bertatik bertara ezagutzen

Azken hilabeteotan entzun dugu Begoñako hilerri zaharrean egindako indusketetan orain arte Euskal Herrian aurkitutako gerra zibileko hobi komun handiena topatu dutela eta, berrikiago, bertan lurperatutako bost gudari identifikatu dituztela. Bada, erreportaje honetan ezkutatutako hobi hauek aurkitu diren indusketa lanak hurbiletik ezagutuko ditugu, Aranzadi Zientzia Elkarteko lantaldea zuzentzen ari den Anartz Ormaza arkitektuaren eta beste ikerlari batzuen eskutik. Izan ere, Begoñako Argia proiektu ikaragarri konplexua eta diziplina anitzekoa da. Datu arkeologiko, historiko, genetiko eta forenseekin arlo askotako zientzialari taldeak aurrean duen puzzlea osatzea zer nolako erronka erraldoia den ideia egiten saiatuko gara. Goazen Begoñara, argi bila!

 

Deskargatu hemen.

Auzokideen eskariz Bilboko Udalak parkea bihurtzeko erabakia hartua zuela, Aranzadik proposamena egin zion: hilerriaren desegite hori ikerketarako baliatzea, era antolatuan eginda. Udalak begi onez ikusi zuen ekimena eta Begoñako Argia proiektua abiatu zen. Desobiratzeez gain, hilerria desegiteko plangintza ordenatua diseinatu zuten, hilerria bera osotasunean hartuta. Hala, berau “unibertsitate campus” modukoa bihurtu du Aranzadik, besteak beste “hezurrekin lan egiteko”, Anartzek azaldu digunez. Campus didaktiko eta praktiko honetan hainbat unibertsitatetako ikasleak eta irakasleak igaro dira, nork bere arlotik bertan zegoena dokumentatu eta landa-lana egiteko: geologoak, antropologoak, arte ederretako ikasleak, historialariak, artxibistak, kriminologoak, topografoak… Ormaza bera arkitektoa da formazioz, baina indusketa arkeologikoetan eskarmentua du Aranzadirekin.

Euskal eskultore ezagunen lanak topatu daitezke Begoñako hilerrian

Hemen ateratzen diren gorpuzkien %95 hobiratze “arruntei” dagozkie, baina badira gerrek edota izurriteek eraginako hobiratzeak ere. Aurretik zegoen dokumentazioaren eta historiako gertakarietan oinarrituta, hobiratzeen historia berregiten ari dira, denboran atzekoz aurrera egiten, geruzak erauzi ahala.

Izurriteen ondorioz hildako haurrak aurki daitezke kaperaren inguruko hobiratzeetan

1933tik aurrerako hobiratzeen erregistroa dago, kudeaketa basilikatik Bilboko Udalera igaro zenekoa, baina aurreko lurperatze gehienen erregistroak ez daude jasota. Hala ere, aipatutako datu historiokoen eta testigantzen arabera, susmoa zen gauza interesgarriak topa zitezkeela bertan, eta hala izan da: jada 2900 gorputik gora atera dituzte maiatzerako, eta beste hainbeste ateratzea espero da datozen hilabeteotan, aurrez pentsatutakoa baino dexente gehiago. Horregatik, Bilboko Udalak proiektuaren lanak luzatu eta aurrekontua handitu egin du azken asteotan.

Hezurrak kontu handiz garbitu eta erauzi egiten dituzte, hildakoen garaiaz eta heriotzaz jakin nahian

Izan ere, kanposantua ofizialki 1864an zabaldu bazen ere, historian are atzerago egin dezakegu hilerri honetan, 1813ra arte gutxienez. Hain zuzen ere lehen karlistaldiko (1833-1840) gorpu multzoa ere aurkitu da hemen. Bilboko setioan sarri aldatu zen jabez Bilbo menperatzen duen muino hau, eta borroka latzak izan ziren hemen. Zumakalakarregi generalak, bertan, ingurune honetantxe jaso zuen heriotza eragin zion bala, 1835eko ekainaren 15ean, eta bertan gatazka hartako hainbat soldadu aurkitu dituzte lurperatuta hilerria zabaldu aurretik egindako hobian.

102 urte geroago, 1937ko ekainaren 13, 14 eta 15ean, Artxandako gudua izan zen, eta bertan hildako 42 gudari eta miliziano lurperatu zituzten bertan, presaka. Lurperatzaileak bando berekoak izan zirela uste dute Aranzadikoek, fraketan txanponak eta objektu pertsonalak atxiki baitzituzten defuntuek.

Euskaraz idatzitako marmolezko plaka, gerra aurrekoa, denborari eta zentsurari aurre egindakoa

Bitxikeria asko aurkitu dira indusketetan. Adibidez, gerra aurreko euskarazko idazkunak dituen hilarri bat, Francoren diktaduraren debekuei aurre egin ziena, edo Frankoren aldeko soldadu baten gorazarrez idatzitako beste bat,  une jakin batean familiak edo auskalo nork estalitakoa.

Beste hobi komun bat aurkitu dute goiko sarrerako pasiloan

Aurkitutako hezurdurak kontu handiz garbitu, erauzi eta gorde egiten dira, garaia, heriotzaren kausa eta, ahal dela, pertsona bera identifikatu ahal izateko helburuarekin. Izan ere, gerrez gain, batzuetan izurriteak ziren talde-hobiratzeen eragileak, eta hezurrotan badira zenbait lorratz, eritasunen berri eman ahal digutenak. Bataz beste, indusketetan dabilen Aranzadiko kide bakoitzak hiru ordu ematen ditu hildako bakoitzaren hezurrak garbitzen eta jasotzen, eta horrek lotura emozionala sortzen dio defuntuarekiko, nor zen eta zergatik hil zen bilatzen duen bitartean. Guk ikerlarien motibazioak ezagutu nahi izan dugu, aurkikuntzak egitean sentitzen den zirrara imaginatu… Horretan lagundu digute, Anartzenek ez eze, Mikel, Lartaun, Irati eta Leireren testigantzek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

MUSIBLA #169: Battle Ave., Islabat, Kurkuma, Tree River, Walt Disco, Xatiro, Karol Conká

ar. Eka 14 , 2022
Gaurko lehenengo taldea Battle Ave. du izena eta I Saw The Egg izenek diskoa atera berri dute. Bertan soinu garbiak eta nota ederrak. Erraz kateatuko zaitu. Islabat taldeak disko kontzeptual bat atera dute: (K)ito. Garai batean 70. hamarkadan gehien bat oso ohikoa zen gai baten inguruan disko oso bat egitea. […]

Honekin lotuak