Gaurkoan Ni ez naiz Mikel Laboa aurkeztu da Durangoko Azokan, Mikel Laboaren biografia “ez konbentzional, ez ohikoa, baizik eta modu jostari eta onirikoan kontatua, western bat bezala”, Harkaitz Canok azaldu digunez. Berarekin, Unai Iturriagarekin eta Joseba Larratxerekin solastu gara, hiruren artean sortu duten liburuaz. Mikel Laboaren figura alderdi askotatik islatzen saiatu dira, Cano eta Iturriaga testuekin eta Larratxe marrazkiekin.
Arrasto handia utzi zuen Laboak, bere garaiak eragin zion baina berak ere eragin handia izan du euskal musikan. Larratxek azaldu digunez, “argi dago Laboa ez zela hutsetik sortu, giro eta egoera batean sortu zen eta bere giro eta pertsonei liburuan tokia ematen” saiatu dira egileak. Musika present dago liburuan, noski, baina “ez zuzenki”, zehaztu digu Iturriagak. Aldiz, orriotan “kantuei erreferentziak oso agerikoak dira. Bada orrialdeetako pasarte bat, testu gabekoa, Laboaren kantu puxkekin osatua, ez da izango denontzat agerikoa izango, baina nik sekuentzia hori ikusten dudanean musika entzuten dut, azaldu digu Iturriagak”.
Deskargatu hemen.