Gaurko saioa ABAUNZ proiektuarekin hasiko dugu, Xabier Bastidaren ibilbidea ezagutzeko parada ezin hobea izango dugu, Xabierrek berak aurkeztuta. Beire disko txundigarriaren nondik norakoak kontatuko dizkigu, besteak beste. Segidan Katie Von Schleicher -en musika etereoa entzuteko aukera izango dugu. Bere A Little Touch of Schleicher in the Night grabazioa zazpigarrena egiten du bere ibilbidean. Hurrengo artistaren musika entzun izan dugu gurean azken bolada honetan, Jane Remover izenarekin Census Designated grabazioa atera berri du eta bertan konposizio deigarri batzuk bildu ditu. Galder Izagirrek Galder izen soilaz grabazio interesgarria kaleratu du. ESC izena du eta bertako aldamio-musikal guztiaren erruduna bera da. Saio honetan eta hurrengoetan aletuko dugu diskoa. Gasteiztik datorren Konpost taldearen musika ekarriko dugu ondoren. Euren bigarren diskoak GAP du izena eta zirrikitu horretan sartuko gara beste behin ere. Eta bukatzeko Ingalaterratik datorren banda bat: Bombay Bicycle Club. Euren My Big Day grabazioak bide ondoan erortzen diren sagar gozoak eskaintzen dizkigu, agian udan, zeinek daki.
Deskargatu hemen.