Zumaiatik datorren banda batekin irekiko dugu gaurko saioa. BiderBost taldea Beñat Fernandez musikariaren ekimenez jaio dela esan behar da. Marlik taldea desegin zenean, soinuen kutxan gordeak zituen zenbait abesti bildu eta taldea sortu zuen. Orain hona datoz izen homonimoa duen 4 abestiko EP indartsu batekin. Hurrengo taldea EZEZEZ izango da, aurreko saioan ere gurekin egon ziren Katuzaldia euren azken grabazioarekin. Giro desberdinak bizi dira disko honetako 12 abestietan. Horietako batzuk gaur. Datorren banda ere gurean egon da azken saioetan. Juniore du izena eta Parisko emakume taldea da (zoritxarrez hori aipatzeko modukoa da oraindik). Soinu retroak eta giro lanbrotsuak. Chanson Française horren oihartzuna ere atzeman daiteke euren Un, Deux, Trois bonus grabazio berrian. Eta horren harira, pop dotore eta sofistikatua egiten duen talde bat hurrena. Monday Potions izena jarri diote proiektu honi Ekaitz Hernandez (Split77 eta Sonic Trash) eta Eneko Peña musikariek. Abesti bakoitza altxor bat, entzunaldiz entzunaldi handitzen doana. Aurki kaleratuko duten New Age Hokum izeneko albumaren aurrerapenarekin datoz gurera, eta gu pozik. Taja Cheek, musikari esperimentatzailea, multinstrumentista eta konposatzaile estatubatuarra da. Profesionalki L ‘Rain bezala kaleratzen ditu bere lanak. 2017tik hona hiru disko kaleratu ditu. Guk azkena dakarkizuegu: I killed your dog. Bidaia interesgarria. Saio honetan, askotan jarri izan dugu Adrianne Lenkerren musika, Big Thief taldearekin edo bakarka. Duen sotiltasuna, LoFirako joera… abestiak egiteko dituen dohainak gustatzen zaizkigu eta horiek horrela, bere bakarkako azken diskoa ekarriko dugu gaur ere: Bright Future. Eta bukatzeko intentsitate handiko abestiak ontzen dituzten Look Terrified taldearen musika.
Deskargatu hemen.