Aurreko zenbait saiotan Monday Potions taldearen musika ekarri dugu, egingo duten disko berriaren aurrerapen abestiak hain zuzen. Asko gustatzen zaizkigun giro retroak lortu dituzte. Datorren diskoaren zain gaude, bertan bilduko dituzten harribitxiak entzuteko irrikitan. Taja Cheek, profesionalki L’Rain izenez ezaguna da. Estatubatuar honen musika, esperimentazioan murgiltzen da. L’Rain-ek genero ugari ukitzen ditu. Bere azken diskoak I’ killed your dog izena du. Neu Troia da Julen Azkonaren (Iruñea, 1993) kantautorearen ezizena. Gitarra akustikoa abiapuntutzat hartuta, introspekziozko mundu pertsonal baterako gonbidapena egiten digu bere abestiekin. Doinuei jarritako letrek garrantzia berezia badute ere, kantautore klasikoaren iruditik baino, gaur egungo indie rocka, popa eta folka ditu influentzia nagusi. Bere azken diskoaren izena Arriskuaren xarma. Hurrengo gonbidatua Shanon & The Clams izango da. Euren azken diskoak, The Moon Is In The Wrong Place, soinu retroak, gehien bat 60 hamarkadako “nesken taldeak” deitu ziren horien sonoritatea ekartzen digu gogora. Oso gomendagarria. Hurrena, Kanadako talde bat: Dead Ghosts. Euren azken diskoan (Hippie Flipping) psikodelia, blues, amerikana… estilo anitz jorratzen dituzte. Oro har, 70 hamarkadako sonoritatea bildu dute azken abesti bilduma honetan. Adrianne Lenkerrek zuzentzen duen Big Thief taldearen 2019ko disko batekin jarraituko dugu: Two Hands izeneko hartan, besteak beste “Not” abestia bildu zuten. Euren ibilbidean pieza gogoangarriak utzi dituzte eta disko honetan horrelako zenbait topatuko dituzue. Eta bukatzeko, Dei taldea. Mutrikun sortu den proiektu honek, Iluneko Sua Arrotz izeneko grabazioa kaleratu berri du eta bertan abesti introspekiboak eta tentsio handikoak topatuko dituzue. Disko akustikoa oro har, baina elementu horiekin intentsitate handiko kantuak lortu dituzte.
Deskargatu hemen.