Gaurko saioari hasiera emateko Ibon Salaberria izango dugu, Siamesa bere lehen bakarkako lanarekin; musikan etenaldi luze baten ondoren itzuli da lezoarra, eta proiektu pertsonal honen bidez bere ibilbide artistikoan etapa berri bat ireki du, tonu intimo eta biluzi samar batekin, arkitekturan eta hirigintza prozesu parte-hartzaileetan bildutako esperientzia emozionalak ere kantu formara ekarriz. Ondoren, Big Thief estatubatuarren Double Infinity entzungo dugu. Brooklyn-eko laukotearen seigarren estudio diskoa da, bederatzi kantuko bilduma trinkoa da, Dragon New Warm… garaiko luzetasunetatik urrunago, baina taldearen magia bereziari eusten diona: gitarra xuxurlariak, erritmo sotilak eta Adrianne Lenker-en ahots emozionala lehen planoan. Hortik, erritmo eta kaos kontrolatura salto egingo dugu Geese taldearen Getting Killed lanarekin. Taldearen studioko laugarren lana da eta Partisan Records zigiluarekin argitaratu dute; rock apokaliptikoaren moduko zerbait proposatzen dute hemen, Hollywood-eko glam zikindua, jazz-rock harritsua eta garaiko frustrazio kolektiboa nahastuz. Tonu biluziagora itzuliko gara gero, Iban Martin nafarraren Zaurietan Lore-rekin. Aitaren heriotzaren dolutik sortutako lehen bakarkako EPa da, lau abestiz osatua; gitarra eta ahots hurbilak dira ardatz, baina Maite Ruiz de Erentxunen akordeoiak, Ander Marino Elorzaren bateriak eta Gotzon Eizagirreren baxuak geruza leunak eransten dizkiote. Ondoren, Basement britainiarren Wired jarriko dugu, zortzi urteko isilaldiaren ondoren egindako lehen grabazioa da. Euren rock alternatibo emo kutsudunaren esentziara itzuli dira: gitarra orroak, koru zabal eta kargatuak eta emozio gordinak lehen lerroan. Rockaren alde kaotiko eta jolastiagoan sakontzeko, Twisted Teens taldearen Blame The Clown entzungo dugu segidan. 2026an argitaratutako lanean, punk-pop eta indie-rockaren arteko erdibidean ibiltzen dira, 30 minutu eskasean doazen hamabi kantu azkar eta itsaskorrekin; gitarra distortsionatuak, erritmo zuzenak eta estribillo ozenak baliatzen dituzte clown horri errua botatzeko. Amaitzeko, Blakkat Mentxu proiektuaren izen bereko diskoan sartuko gara. 2026ko martxoan kaleratutako lan honetan euskal rock eta pop alternatiboaren eremuetatik dabilen taldeak zortzi kantu bildu ditu.
Deskargatu hemen.

