Gaurko saioan intimitate pertsonaletik eta piano biluzitik abiatuta folk eta jazz eremuetara egingo dugu bidaia, beti ere ahots eta istorio indartsuen bueltan. Lehen geltokia Ibon Salaberria izango da, Siamesa bere lehen bakarkako lanarekin; musikan etenaldi luze baten ondoren itzuli da lezoarra, eta proiektu pertsonal honen bidez bere ibilbide artistikoan etapa berri bat ireki du, tonu intimo eta biluzi batekin. Ondoren, SYML eta Evgeny Grinko elkarlanean sinatutako Listless piezara joko dugu, pianoaren eta hari-zerrenda zinematikoen arteko elkargunean. Brian Fennellek eta Evgeny Grinkok sinatutako konposizio honek SYMLen minimalismo emozionala eta Grinkoren orkestrazio zabal eta zinematikoak nahasten ditu. Hortik oso gertu, baina etxeko tonu batez, Maite Larburu hernaniarraren Maizter izango da hurrengo gonbidatua. Bakarkako ibilbidean bosgarren diskoa da, berak eraikitako Musikburô estudioan etxe giroan grabatua; folk intimista eta esperimentala uztartzen ditu modu oso naturalean. Ondoren, Maddiren Amaitasuna diskoan murgilduko gara. Maddi Etxeberria Lizarrako kantariaren lehen lana da, amaiera eta maitasuna hitzak elkartuz sortu duen kontzeptuarekin; zazpi kantuko bilduma honetan gitarra akustikoa, ahots lerro erritmikoak darabiltza. Gero, itsasertzeko haizeak eta folkaren zabalera ekarriko dizkigu Annahstasiaren Tether diskoak. Kaliforniako kantugilearen lehen lana da, eta kritikek nabarmendu dute bere ahots berezi eta indartsua. Londresko Caroline kolektiboaren Caroline 2 entzungo dugu. Zortzi kideko taldearen bigarren diskoa da, lehen laneko post-rock eta folk esperimentalaren oinarriak mantendu arren soinu zabalago eta ausartago batera egiten du salto. Amaitzeko, Jeff Parker gitarra-jotzailearen The Way Out of Easy jarriko dugu, bere laukotearekin grabatutako jazz disko aparta.
Deskargatu hemen.

