Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskara Babes Bereziko Kultura Ondasun Immaterial izendatzeko prozedura abiatu du. Helburua euskarak euskal kultura sortu, transmititu eta birsortzeko duen funtsezko eginkizuna aitortzea da. Ebazpena irailaren 16an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Une horretatik aurrera, hogei eguneko informazio publiko eta entzunaldi-aldia zabalduko da. Eusko Jaurlaritzaren arabera, izendapenak euskarari prestigio handiagoa eta aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa emango lioke, euskal kulturaren transmisioan duen garrantzia ondarearen ikuspegitik ere aitortuz. Espedientearen oinarrian ideia bat dago: euskara ez dela hizkuntza hutsa. Belaunaldiz belaunaldi, euskararen bidez transmititu dira memoria, ezagutzak, ohiturak eta mundua ulertzeko moduak. Bertsolaritza, toponimia, abestiak, atsotitzak eta herri-kontakizunak dira horren adibide batzuk. Baita jaiak, gastronomia, musika, dantza eta lurraldearekin lotutako ezagutzak ere. Horregatik, Jaurlaritzaren arabera, euskara euskal kulturaren adierazpide eta transmisio-bide ere bada.
Deskargatu hemen.
