Iragan ostiralean, Donibane Lohizuneko Dukontenia gelan, Gora Euskal Herrientsak! saiakera grafikoa aurkeztu zuen Asisko Urmeneta marrazkilariak. Nor zen Kapitolina Buztintze? Nor ziren Katalina Alastuei, Malena Jauregiberri eta Maritxu Olabe? Euskal Herriko maistrak, errientsak, emakume aitzindariak kulturaren transmisioan, eta itzalean geratu eta ahanzturan erori dira, beste asko bezala. Gora euskal (h)errientsak! Horren barruan, Euskal Herriaren historiako bost emakume garrantzitsu ematen ditu argitara. Erroa argitaletxearen webgunean irakur daitekeenez, Gora Euskal Herrientsak! “liburu hau argitalpen kooperatiboa da, Begiraleak elkartearen (EKE), Erroa argitaletxearen eta Herrima argitaletxaren artean, eta memoria historikoaren berreskurapen-ariketarako lanabes izan nahi du. Dom Campistron ilustratzaileak ere parte hartu du liburuan, barneko mapa eta 1924ko manifestua ilustratu baititu bere estilo askeaz bezain hausleaz”.
Bestalde, aurten Portugaleko Central Comics komikiari buruzko atariak urtero ematen duen Ohorezko Saria Asiskori ematea erabaki duenez, bertako Hugo Jesus Oportotik heldu zen saria ematera, eta vinho verdez topa egitera.
Deskargatu hemen.

