Saio honetan tartean-tartean, ageri ohi dira oso gustuko ditugun sortzaileak, eta zer esanik ez disko berria baldin badakarte! Horixe gertatu da NI proiektuarekin. Xabi Agirre dago honen atzean eta Akorduan Gaude Zintzilik izenko disko berriarekin agertu zaigu 2025 honetan. Beti bezala, sakon eta pertsonala, adreiluz adreilu eraikitako proposamen zirraragarria. Bere hitzetan: “Denbora hartuz landutako abestiak dira, agian denbora larregi (aurrekoa 2021ekoa da) baina presiorik ez duzunean, eta industriak ezarritako abiadura horretan inork espero ez zaituenean, bizitzak bere bidea egiten du eta gauzak astiro doaz”. Segidan datorren taldeak baditu zenbait ezaugarri NI proiektuarekin bat egiten dutenak. Mount Eerie da taldearen izena eta Night Palace disko berria ari dira aurkezten. Proposamen hau ere oso pertsonala da. Musiba honetarako neurrira egina. Hurrengo taldea Dutch Interior du izena eta euren azken diskoa da Moneyball. Kaliforniatik dator taldea eta gaurko saioan ezarri dugun tenpoarekin erabat ondo dator euren musika. Poliorkêtês du izena Kerobiaren iraupen luzeko album berria. Musikalki oso zainduta dauden hamaika kantuk osatzen dute. Lan osoa, gaiak eta ilustrazioak, Xabi Bandinik izenburu berarekin idatzitako kontakizunean oinarrituta dago. Gaia: Munduaz eta musikaz nekatu ondoren, presentzia bat bizi den etxe magiko batean giltzapetzen den pertsona baten istorioa kontatzen du. Eta norabidea pittin bat aldatzeko Kerobiak eman digun abagunea profitatuta, hippyago jarriko gara, Brian D’ Addario ezagun dugu The Lemon Twigs proiektuan dagoelako bere anaia txikiarekin batera. Oraingoan, Till The Morning diskoan bildu dituen abesti hauekin Brianek bakarka estreinatzen da. Bitxia da, zeren berak sortutako abestiak diren arren, beste anaiaren produkzioa ere bada. Zergatik ez da The Lemon Twigs izen azpian atera? Auskalo, baina D’Addario anaien mundu akustiko-psikodelikoa islatzen du primeran. Eta psikodeliaz ari garela, disko oso interesgarria plazaratu du Moon Cluster izeneko taldeak. Rock progresiboa, soinu psikodelikoak… Lan trinko eta sendoa da Distopika izeneko disko hau.
Deskargatu hemen.

