Aste Nagusi honetan, programazio berezia izango du Bilbo Hiria Irratiak. Egunero, zuzenean eta jai-eremutik bertatik, Bilboko jaien berri emango dugu.
Abuztuaren 22an, Naiz Irratiarekin elkarlanean, Arriaga plazatik zuzenean eskainiko dugu txupinaren kontakizuna. Jaien hasiera eta pregoia zuzenean entzuteko aukera izango duzue Bilbo Hiria Irratiaren sintonian. Gurekin izango ditugu, besteak beste, Patxo Telleria, Nati Ovelleiros pregoilari ohiak, Lander Otaola aktorea eta konpartsakideak. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, jai giroaren eta Aste Nagusiaren hasieraren berri emango dugu zuzenean.
Astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 14:00etara, zuzeneko saio berezia egingo dugu Algara konpartsatik, Bailen kaletik. Aste Nagusia zuzenean biziko dugu, eta jaietako protagonistak izango ditugu gurean.
Aurtengo pregoilaria eta txupinera Onintza Enbeita eta Ainhoa Urrejola (Kaixo) dira. Pozik hartu dute izendapena, eta asteartean izango dira gure saioan, euren esperientzia eta jaien hasieraz hitz egiteko.
Aste Nagusia euskaraz bizitzeko, piztu Bilbo Hiria Irratia. Egunero saio bereziak izango dituzue entzungai, zuzenean zein geroago podcast formatuan.
Eguerdiko hamabietatik aurrera, jaien ekitaldi eta jarduera nagusietako protagonistak izango dira gurean: musikariak, konpartsakideak, bertsolariak, antzerkilariak eta beste hainbat gonbidatu.
Antzerkiaren tartean, Mitxel Santamarina aktoreak Marika de Gernika ikuskizuna aurkeztuko digu. Aiora Sedano eta Iñaki Maruri izango ditugu Gaupasa antzezlanaz hitz egiteko, eta Ugaitz Alegria aktoreak Zukua bakarrizketa lana ekarriko digu gurera. Antzerkiarekin jarraituz, Pabellón 6 aretoan estreinatuko den Pelotazo ikuskizunaz ere arituko gara, Mary Urcelay eta Leire Orberekin batera.
Bestelako gaiak ere izango ditugu hizpide. Materoekin Bat plataformarekin, kale-saltzaileek bizi duten egoera aztertuko dugu. Asteazkenean, Teknikariok sindikatuak deitutako grebaz arituko gara, eta ostegunean, Aste Nagusian Euskara Nagusi kanpainaz eta hartutako konpromisoez hitz egiteko aukera izango dugu.
Musika ere ez da faltako. Gurean izango ditugu , Naxker, Skabidea, Akatz, Indabe eta Goxuen Salsa taldeak.
Eta, nola ez, konpartsak. Konpartsarik gabe nekez ulertu daiteke Bilboko Aste Nagusia; beraz, egunero hiru konpartsaren bisita izango dugu gure saioan. Haien ahotik ezagutuko ditugu jaiak, auzoak eta konpartsen egunerokoa.
Guztia Algaratik zuzenean, eguerdiko hamabietatik aurrera.
Aste Nagusia euskaraz bizi dutenen lagun eta bozgorailu izango da Bilbo Hiria Irratia. Jaien isla izango gara, zuzenean, FMko 96.0 frekuentzian zein Interneten.
Aste Nagusia euskaraz eta zuzenean. Piztu Bilbo Hiria Irratia!

