Bizkaiko zahar etxeetako langileek greba egingo dute bihar

Kalera aterako dira bihar Bizkaiko zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak. Greba egingo dute, baita abenduaren 17an eta urtarrilaren 21ean ere. ELA eta LAB sindikatuek deitu dute grebara, bakoitzak bere aldetik. Besteak beste, baldintzak GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko langileenekin parekatzea eta ratio duinak ezartzea exijituko dute, eta hitzarmen berria negoziatzeko mahaia blokeatuta dagoela salatu.

“Zahar etxeetako egoera jasanezina da”, salatu du LABeko Idazkaritza Femenistako Zaloa Ibeas De la Cruzek. “Zaintza negozio bihurtu dute; langileak muturreko lan kargak jasaten ari dira, zaintzaile bakoitzak 11 egoiliar artatu behar ditu egunean”. Soldata diskriminazioa ere aipatu du Ibeasek: GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko langileekin alderatuta, %66 gutxiago kobratzen dute.

Sindikatuaren helburu nagusia Bizkaiko zahar etxe guztien publifikazioa da, Ibeasen arabera. Bitartean, bi aldarrikapen “zehatz eta bideragarri” ezarri dituzte: “Lan eta soldata baldintzak aldundiaren langileen baldintzekin parekatzea, eta ratio aldaketa estrukturala”. Egindako kalkuluen arabera, lan taldea %200 handitu beharko litzateke, zaintzaile batek bost egoiliar arta ditzan. “Horrela bakarrik bermatu ahalko da langileak ez gaixotzea eta modu duin batean lan egin ahal izatea, eta egoiliarrek arreta pertsonalizatuago bat jaso ahal izatea”.

ELA sindikatuak, bestalde, Zaintzeak gaixotasuna dakarrenean kanpaina aurkeztu zuen duela urtebete, eta bertan jakinarazi zuen lau langiletik hiru gaixotzeko arriskuan daudela. Horri aurre egiteko, lan taldeak indartzea, lan kargak murriztea eta asteko lanaldia 32 ordura murriztea exijitu dute, besteak beste.

Patronalari ez ezik, Bizkaiko Foru Aldundiari ere konpromisoa hartzeko exijituko diote bi sindikatuek bihar. “Biharko manifestazioa aldundian bukatuko dugu, aldundiari zuzenean esateko bera dela arduradun nagusia, hau bere zerbitzua dela, eta bere erabakia izan dela zerbitzua azpikontratatzea”, azaldu du ELAko Julio Fonbellidok. Guggenheimeko zabalgunean hasiko dute protesta, 11:15ean.

LABek ere protesta egingo du. Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean bilduko dira 12:30ean, eta sindikatuak bilerak egingo dituzte bertako alderdi politikoekin.

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

NORBAIT HIL DA HEMEN: 62

az. Aza 18 , 2026
Urtaroz aldatu dugu eta horrekin UDDA-ren azkena etorri zaigu bisitan, Gasteiztik. Lourdes Iriondok borobildu digu saioa, baina hainbat gai irten dira biartean: musikarekin lotutako jolasa, lagun arteko giroa, sorkuntza prozesuak, etab. Bidean aurkituko ditugunak presente edukiko ditugu hurrengo batean, orain, azkenaldian entzundakoen zerrenda potentea eta hartu-eman polita sortu da. https://bilbohiria.com/docs2/2026/norbaithildahemen/261116_norbait_hil_da_hemen_udda_62.mp3 […]

Honekin lotuak