Hilketa matxista Bilbon

Gizon batek 34 urteko bikotekide ohiari eraso egin zion atzo iluntzean Bilboko Indautxu auzoan. Espainiako Poliziak abisua jaso zuen, eta azkar bertaratu zen. Emakumea zaurituta aurkitu zuten, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Bertan hil da. Aurten Euskal Herrian izan den seigarren hilketa matxista izan da.

47 urte ditu gizonak, eta aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik.

Euskal Herriko mugimendu feministak hilketa gaitzetsi egin du, eta jakinarazi du mobilizazioetara deituko duela.

Bilboko Udalak elkarretaratzea egingo du 11:00etan hilketa matxista gaitzesteko. Bost minutuko isiltasun ekitaldia egingo dute udaletxeko eskaileretan. Udalak elkartasuna eta hurbiltasuna helarazi die senideei eta gertukoei, eta “emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko konpromiso irmoa” adierazi du.

Elkarretaratze horretan izango da Miren Elgarresta Emakumendeko zuzendaria. Emakundek ere gaitzetsi egin du hilketa matxista, eta berretsi du ez dagoela “jarrera neutralik” indarkeria matxistaren aurrean. Elgarrestaren esanetan, emakumeen aurkako indarkeria da “emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpenik basatiena”. “Herritar guztiak animatu nahi ditut bat egitera eta hilketa honekin gaitzespena adieraztera. Horrela bakarrik eraiki ahal izango dugu emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat, guztion artean aurre egin behar diogu”, esan du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Honekin lotuak