Zortzi belaunaldi, zortziak oholtzan. Gaztedi Dantzari Taldeak 75 urte bete ditu aurten. Urtean zehar hainbat ekintza egin ostean, ekitaldi berezi bat egingo dute igandean Euskalduna Jauregian. Ezpataldia izena jarri diote, eta belaunaldi guztiek hartuko dute parte, baita lehenengo belaunaldikoek ere. Berrehun dantzari inguru egongo dira oholtzan.
Gaztedi Dantzari Taldearen lokalean bildu gara Irati Bilbaorekin eta Jabi Erizerekin. 2017an hasi zen dantzan Bilbao; 1972an, berriz, Erize. Biek argi dute belaunaldi diferenteen arteko lotura izan dela 75 urte betetzeko gakoa: “Belaunaldien arteko lotura da sekretua; erreleboa oso inportantea izan da urte hauetan”.
Erizek gogoratu duenez, urte guzti hauetan “garai txarrak” egon dira, baina “berpizte handiak” ere bai. “Santutxu auzoarekin eta bertako elkarte eta eragileekin izandako loturak ere mantendu du bizirik dantza taldea”. Gaur egun, “dantza talde hutsa baino gehiago” da Gaztedi. “Gaztedi da familia, dira lagunak, da militantzia… gauza pila bat dira”, azpimarratu du Bilbaok. Eta zera gehitu du: “Dakidana da hemen egon behar dela jakiteko zer den, bestela oso zaila da kanpoko jendeari azaltzea”.
Igandeko ekitaldia 18:00etan izango da, eta sarrerak salgai daude Euskalduna Jauregiaren webgunean. Bilbaok aurreratu du dantza eta musika berriak sortu dituztela Ezpataldia ekitaldirako, eta “ipuin bat” jarriko dutela oholtzan, Gaztediren historia kontatzeko. “Lan asko egin dugu, eta uste dut igandean hori igarriko dela”.
Deskargatu hemen.
