Zazpi katu gaztetxea desalojo arriskuan dagoela zabaldu du sare sozialetan, eraikinaren jabetza aldatu da eta horrek bat batean euren egoera guztiz aldatu du. Ostiralean Azaroak 27an arratsaldez agerraldia egingo dute.
Zazpi katu Bilboko Alde Zaharreko Erronda kalearen ondoan dagoen gaztetxea da, Solokoetxeko eskaileretan kokatua. Gaur egungo gaztetxeak 2007ko urtarrilaren 13an ireki zituen ateak, baina proiektuaren sustraiak urte batzuk lehenagokoak dira. 2004an sortu zen Alde Zaharreko Gazte Asanblada. Haren ekimenez okupatu zuten Unamuno plazako Geltoki gaztetxea, gaur egungo Zazpi Katuren aurrekaria. Ertzaintzak lau egunera hustu zuen. Urtebete geroago, gazteek beste espazio bat okupatu eta 7 Katu I izena eman zioten. Hamabi egun iraun zuen, eta tarte horretan ikastaroak, kalejirak eta bazkariak antolatu zituzten. Autogestioa eta auzoko parte-hartzea izan ditu ardatz Zazpi Katuk ateak ireki zituenetik. Hogei urteotan lau aldiz hustu dute indarrez, eta isunei, epaiketei, jazarpenari eta kriminalizazio-saioei egin behar izan diete aurre. Oztopoen gainetik, Alde Zaharreko gazteen inplikazioari esker jarraitu du zabalik, adin guztietako auzotarrei elkartzeko eta ekimenak antolatzeko tokia eskainiz.
Gaztetxearen 20. urteurrena prestatzen aritu dira. Azaroan bertan urteurrenerako sortutako kantua eta diskoa argitaratzekoak ziren, eta urtarrilean, Gaztetxeak 20 urte betetzean, hainbat jarduerarekin ospatzekoak ziren.
Bitartean, Alde Zaharrean gero eta turista gehiago dago, eta auzoko merkataritza gero eta arrotzagoa zaie bizilagunei. Plazak itxita daude, eta haurrek ere aldarrikatu dute asteburuetan jolasteko lekua behar dutela. Egoera gero eta itogarriagoa da, eta Gaztetxea hustuz gero, auzotarrek elkartzeko beste espazio bat galduko dute.
Deskagartu hemen.
