Gure gizartea ezaugarritu duen “Etxea”, Xamarren eskutik

Juan Carlos Etxegoien Xamar lagunak, Erroa eta Pamiela argitaletxeek elkarlanean argitaratutako Etxea liburua aurkeztu du Durangoko Azokan, Pamielako Joxe Angel Irigaray eta Erroako Xabier Monasterio editoreek lagunduta. Argazkiz ondo horniturik eta informazio askorekin “konturatzen zara nolakoa zen euskal gizartea garai batean”. Baina etxea baserrira mugatzen ez den bezala, herri arkitekturako aleak erakustetik harago doa liburua: gizarte postmoderno honetan, etxeak eman digun izaera ahantzia dagoen honetan, etxeari duintasuna, horren kontzeptua osotasunean azterturik, ekonomian, euskal kulturan, gure herriaren idiosinkrasian… eragin handia izan du etxeak egituratu baitu gure herriaren izaera. Horregatik, hau ez da liburu hau ez da Irigarayk azpimarratu duenez, “lan etnografiko, estetiko, arkitektonikoa… Hori bada, baina askoz gehiago, euskal subkonsziente kolektiboan ikonoa da, denok baikatoz etxe batetik, nahiz eta egun hirian bizi izan”.

Xabier Monasteriok Xamarren ikertzaile izaera azpimarratu du, bere aurreko liburuak, ikerketa lanen emaitza baitira: “Lehendabizi Orhipean liburuan euskaldun moduan identifikatu gintuzten oinarriak ezarri zituen, geroztik Orekan etorri zen, hizkuntzen arteko berdintasunaz, duintasunaz, ekolingusitikaz hitzegiten ziguna, gero Euskara Jendea liburuan gure hizkuntzaren historia kontatu zigun eta denok ‘bai. horrela kontatu behar da gure historia’, esan genuen “. Xamarren dibulgatzaile izaera ere nabarmendu du Monasteriok, “goi mailako jakintsu akademikoen eta herri xehearen arteko distantzia ezartzen duten lanak badira, eta hori arriskutsua da gurea bezalako kultura ukatu, jazarri eta zatikatuetan, baina honelako lanek laguntzen dute amildegi hori estaltzen, distantzia hori laburtzen”.

Xamarrek liburuaren dibulgazio izaera azpimarratu du: “Euskara atxikirik ere, gure kultura ez zaigu transmititu, ez dugu ongi ezagutzen”. Orhipean bide horren abiapuntua izan zen, baina Xamarrek berehala “hortik, horko atal bakoitzetik liburu osoa atera zitekeela” ikusi zuen. Horren ondorio izan dira Euskara jendea eta Etxea. Liburua turismo gida moduan erabil daitekeela esan du, bertan aipatutako asko bisita daitezkeen etxeak direlako. Ondarea, historia, mintzoa jarri dio azpititulua liburuari, izan ere, bere aburuz, bertan azaldutakoa “ondare arkitektoniko gaitza, sinestezina da. Aldiz, ikusten duzu udalek iragartzen dituzten herriko ondasunen artean ez baserriak ez daudela, Durangaldean gaude eta sekulako baserriak daude hemen, baina elizak, jauretxeak, dorreak baizik ez dira iragartzen”. Mintzoarekin duen lotura azpimarratu du Xamarrek, euskaraz jakin gabe ezin baita jakin etxeen izenek zer adierazten duten. Xalbadorren hitzak erabilita, “Etxeak izena eman digu eta izana zor diogu”, esan du Xamarrek.

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Pamiela argitaletxearen aurtengo ekoizpenak Pello Elzabururekin

al. Abe 5 , 2016
Argitaletxe emankorra da Pamiela, urtero 60 titulu baino gehiago ateratzen dituena. Bertako Pello Elzaburu editorearerekin izan gara solasean eta argitaletxearen ekoizpen berrietako batzuk nabarmendu dizkigu, besteak beste, Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia, Nafarroako historia mapen bidez azaltzen duen Atlas histórico de Navarra, Xamarren Etxea, Joseba Sarrionandiaren ¿La poesía está muerta? Hilda […]

Honekin lotuak