Durangoko Azokan Sahara, herri bat erresistentzian liburua aurkeztu da eta guk egilearekin solastatzeko aukera izan dugu. Kristina Berasain kazetariak urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariaren nazioarte saileko kazetari moduan lurralde okupatuetara lehendabiziko bidaia egin zuenez geroztik. Euskaraz gaiaren inguruan idatzitako lehendabiziko kazetaritza liburua dugu eta kazetaritza kronikak, “arnas luzeko kazetaritza pausatua” egiteko aukera ematen duen Aleka bilduman argitaratu zen azaroan.
Egunotan albiste den Palestinako gatazkarekin alderatu dugu, antzekotasunak ugari baitira: bien kasuetan kolonialismoaren garaitik datozen gatazkak dira eta bietan errepresioa, harresiak, zibilen bonbardaketak, errefuxiatu kanpalekuak eta bake prozesu zapuztuak aurki ditzakegu. Ezberdintasunak ere badira, Saharako gatazka beti oso bazterrean geratu baita, hedabideen arretatik aparte, baina Palestinakoak ere, handiagoa izanagatik, nabarmentasuna galdua zuen urriaren 7ra arte.
Palestinarekiko beste antzekotasun bat, Mendebaldeko Sahararen kasuan, diplomaziaren eta nazioarteko bitartekaritzaz ahalegindutako bake prozesuaren emaitza eza dugu, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) ebazpen asko sahararren aldekoak izan arren, ebazpen horiek ez baitira inoiz gauzatu, Maroko okupatzaileak uko egin baitio nazioarteko legedia onartzeari.
Liburuaz gain, baina, egitasmo paralelo bat gauzatu berri da, hainbat euskal artistek parte hartu duten Saharari kantari diskoa. Sahararen aldeko 12 kanta biltzen dituen CDa argitaratu da egunotan, Kristina ere tartean ibili da diskoaren ekoizpenetan, eta abenduaren 22an Donostiako Kursaalean egingo den kontzertuan ikusi ahal izango ditugu artista horietako asko: Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Bea Asurmendi, Idoia Asurmendi, Jon Maia, Iker Lauroba eta Postal Kolekzionistak eta Physis versus Nomos. Halaber, hiru artista sahararren emanaldi berezia izango dugu: Minatu Embarek, Nayat Hossein eta Hayuh Ramsi. Kontzertuarekin Saharako kultur ondarea babesteko dirua bildu nahi dute antolatzaileek, tartean Euskal Fondoa, Berria, Elkar eta Bakun.
BERRIAren online dendan liburua bakarrik edo diskoarekin batera erosi daiteke.
Deskargatu hemen.