GAUBASA: Pin Pan Pun taldekoak gurean eta Gusa Rock jaialdia

Pin Pan Pun Pin Pan Pun taldeko lagunak hartu ditu bisitari Anartz Bilbaok aste honetako Gaubasan. Etsaiak taldeko abeslaria izandako Auok Pin Pan Pun Band izeneko esperimentua jarri zuen martxan, rock soinu gogorrak Karibe aldeko doinuekin eta batukadarekin nahastuz. Orain, Band izena galduta, taldea eraberritu eta bere sustraietara itzuli da. Oihuka disketxean Sistema arrakalatu diskoa plazaratu dute. Luze azaldu dituzte Auok berak eta Txus gitarrajoleak beren disko berriaren ezaugarriak, eta zenbait kanta entzuteko parada izan dugu. Bestalde, Gusa Rock jaialdiari ere denbora dezente eskaini dio Anartzek. Jakina denez, Nok taldeko gitarrajolea zen Raul Gallegok istripu larria izan zuen eta haren ondorioz elbarriturik gelditu da. Hori jakinda, makina bat taldetako musikari lagunak berari laguntzeko prest azaldu dira eta zenbait kontzertu antolatu dituzte. Hurrengoa Durangon izango da maiatzaren 12an eta 13an eta bertan SA, Gatibu, Kaotiko, Des-Kontro, Skalariakl eta Bebe kantaria izango dira, besteak beste. Hori dela eta, berorietako batzuen musika berriz entzunarazteko probetxatu du Anartzek. Azkenik, esan behar maiatzaren 13an Bilboko Kafe Antzokian izango den talde handi baten aurkezpena egin digula: The North Mississippi Allstars. Saioa deskargatzeko, klikatu HEMEN.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

SOINUGELA: Jim Dickinson eta North Mississippi Allstars, aitaren ametsak semeengan gauzatuak

og. Mai 11 , 2006
North Mississippi Allstars hirukoteak hilaren 13an Bilboko Kafe Antzokian kontzertua emango duela eta, ordubete pasatxoko tartea eskaini die Pedro Elias Igartuak irratsaioaren bigarren zatian. Horretara baino lehen, heriotza eta tragedia aipagai dituen Little Musgrave balada tradizionala entzun dugu Christy Mooreren ahots garbi, dotore eta landuan. Gero, Van Morrisonek Hank Williamsek […]

Honekin lotuak