Bihar, Sant Jordi egunez liburuak, musika eta Katalunia bilduko dituen egitaraua prestatu dute gurean bizi diren katalanen bi kolektibok, Zenbat Gararen laguntzaz. Batetik Casal Bilbao eta bestetik Jaia eta Xerinola dira bi talde horiek. Euren burua aurkeztu dute gure mikrofonoetan, eta biharko egitarauari buruzko xehetasunak eman dizkigute. Hurrenez hurren, Jaia eta Xerinolako Pili Alvarez eta Josep Sancho, eta Casal Bilbaoko Maite Sastre eta Basili Rodriguez izan ditugu gurekin.
Laburbilduta: Berastegi-Albia inguruan bihar izango den liburu azokan erakustokia goizez, arrastian “Nova Cançó” mugimendua eta hark Euskal Herriarekin izan zuen harremana ezagutzera emateko hitzaldia eskainiko digu Basili Rodriguezek. Amaitzeko, gauean kontzertua, katalanez abesten duen Zoo valentziar taldearekin eta Ze esatek! gipuzkoarrekin. Ostean, DJ Bull disko jartzaile euskalduna eta bere parekide katalana, DJ OGT arituko dira gaua girotzen. Gainera, aste osoan Kafe Antzokiaren eraikinean bertan, laugarren solairuan, “Katalan literaturaren hamabi liburu nagusi” erakusketa ikusgai izango dugu larunbatera arte.
One thought on “IBAIZABAL: Sant Jordi egunerako liburuak eta musika Bilboko Katalan kolektiboekin”