Gaur, Gabriel Aresti euskaltegiko Isabel Isazelaiaren txanda izan dugu Ibaizabal magazinean. Udako euskara ikastaroak hasi dira iragan astean eta oraindik ikasturtea bukatu gabe dago. Batzuentzat eta besteentzat aste honetan denetarik izango dugu: asteartean Mikel Urdangarin izango dugu gurekin, hitzaldi musikatua egiten. Asteazkenean, elikadura eta osasuna gai hartuta, taldeka kafe-solasak egingo dituzte, gai horren harira galderak erantzun, adostu eta iritziak emango dituzte, mintzamena lantzearekin batera. Ostegunean elikadura izango dugu berriro mahai gainean, Biki Belategik UEUk antolatutako “Elikatze kontzientea” hitzaldia eskainiko baitu.
Isazelaiak gogoratu digunez, barnetegiak Bakaikun martxan daude daborduko eta uda osoan hainbat txanda izango dira euskara ikasi eta ondo pasatzeko.