Duela bi urte lekuz aldatu zen Karmelo Ikastola, Larreagaburun dagoen eraikin berrira. Ondorioz, ikastolaren eraikin zaharrak hutsik gelditu ziren. Santa Marta zeritzonean urrian zabaldu zen udaltegi berria prestatu zuen udalak. Menendez Pelayo kaleko eraikin nagusia, ordea, bi urte hauetan hutsik eta hondatzen egon da denbora honetan. Azaroan lagun talde bat ikastola zaharreko lokalak txukuntzen hasi zen, erabilera eman ahal izateko.
Lokalak biziberritzeari ekin zioten orduan: nahiko hondatuta zeuden gune batzuk txukundu, garbitu eta erabilera posibleei buruzko eztabaida irekia zabaldu zuten. Egitasmoari KRML izena jarri diote, auzolanean, eraikina atontzen aritu dira azken asteetan, eta dagoeneko ludoteka, liburutegia, frontoia eta jantoki eta aldageletako espazioak martxan dituzte. Hainbat bilera egin ostean, kexu dira udalak ez duela euren egitasmoa haintzakotzat hartzeko asmorik. Iragan larunbatean egin zuten asanblada irekia eta, ondorengo prentsaurrekoan udalari elkarlanerako borondatea eskatu zioten KRML proiektuko lagunek.
Udalak eskatuta aurreko astean espazioaren erabilera zehaztuko duen akordioa adosteko ordezkariekin batzartu zirela ere jakinarazi zuten larunbatean. Ondorio argi batera iritsi direla adierazi dute: “Bi aldeek borondatea izanez gero, proiektua aurrera atera daiteke”. Bestalde, hainbat adibide mahai gainean jarri zirela jakinarazi dute. Besteak beste, Iruñeko Udalak utzi berri dituen lokalak eta Gernikako Astra. Gaineratu dute elkarrizketek ez dutela etengo orain arte egindako lana.