Irlandara joan gara oraingoan, hango doinu ezagun baten bertsioak biltzera. Whiskey in the Jar kantu tradizionala irlandar folk abesti herrikoi eta ospetsu bat da, Cork eta Kerry konderrien arteko mendien artean kokatutako kontakizuna azaltzen digu, emazteak traizioa egin dion bide lapur batena. Munduan zehar zabalduenetako irlandar abestia da hau, eta 1950. urtetik aurrera sarritan hainbat musikari profesionalek jo eta abestu izan dute. Gaurkoan, lehenengo, Peter, Paul and Mary estatubatuar hirukotearen ahotsetan entzun dugu. Ondoren, Irlandara bueltatu gara, doinua famatu bihurtu zuen The Dubliners taldeak egindakoa entzuteko. Irlan geratu gara ondoren, Thin Lizzyk egindako rock bertsioa entzuteko. Pulp taldea entzun dugu eta, ostean, Thin Lizzyrenean oinarritutako beste bi bertsio: Belle & Sebastian-en indie pop doinuak eta Metallica taldearen metal riff gogorrak.
Deskargatu hemen.