Erroa argitaletxeak lau liburu eta bi disko berri aurkeztu ditu

Erroa argitaletxeak lau liburu eta bi disko berri aurkeztu ditu ostiral eguerdian Durangoko Azokako Ahotsenea gunean. Erroako editore Xabier Monasteriok aurkeztu ditu Zirimiri bilduma berriko lehen lau liburuak. Liburu laburrak, irakurtzeko errazak eta, Euskara errazean bildumakoak bezala, euskara ikasten ari direnentzako aproposak. Behinola Gara argitaletxeak argitaratu eta urte luzez oso ondo saldu ziren bi goiburu berreskuratu eta eguneratu ditu Erroak, hurrenez hurren, Guy de Maupassant-en Ipuin beldurgarriak eta Xabier Monasteriok berak idatzi zuen San Braulioko eroa. Bien testuak gaurkotu ditu, diseinu txukun eta modernoagoarekin batera, eta lanketa didaktikoak gehituta.

Diskoei dagokienez, Erroak argitaratu duen Ongi etorri lagun diskoa aurkeztu dute Kurkuluxetan elkartekoek. Mundu osotik etorritako lagunekin grabatu dute herrien arteko eta haurren arteko elkartasunaren balioak bultzatu nahi dituen diskoa, izan ere, hainbat herritako kideek euren jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz grabatu dituzte kantuak. Itsaso Azkona eta Joserra Gutierrezen lana azpimarratu ditu Kurkuluxetaneko Rita Naveirak aurkezpenean. Arrigorriagako Artizarra musika eskolako arduraduna den Azkonak aurkezpenean azaldu duenez, eskolako ikasleen artean errumaniarrak, sahararrak eta errusiarrak bazirela baliatuta, jatorri bakoitzeko abestiak bildu eta “oso gogotsu” aritu dira denak kantuak prestatzen.

Bilbo Hiria irratiaren 20 urtez euskal taupada diskoa aurkeztu du Erroak, eta Rafa Rueda musikari eta irratikideak azaldu duenez, hasieratik elkarlana sortzea zuen helburu irratiaren 20. urteurrenaren inguruan sortutako egitasmoak, artistak nahastuta: Mikel Urdangarin eta Izaro, Aire ahizpak eta Anje Duhalde, Zea Mays eta Cris Lizarraga, Ruper Ordorika eta Rory McLeod, PiLT eta JP Lohian… Rafa Ruedaren esanetan, irratiak eta Zenbat Gara elkarteak 20 urteotan “euskal musikaren alde egindako lana eskertzeko modua” izan da artiston ekarpena.

Ekoizpen horiek guztiak Erroa argitaletxearen eta Zenbat Gara elkartearen stand-ean izan dira salgai Durangoko Azokan eta salgai egongo dira gabonetan Zenbat Gararen bulegoan (Done Bikendi 2, 4. solairua), baita Elkar dendetan eta beste zenbait liburu dendatan ere.

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

PIPERPOLIS: Beira taldearekin batera "Brailean" hirugarren lanean barrena

az. Abe 13 , 2017
Beira taldeak Brailean deituriko lana aurkezten dabil egunotan, hirugarren lana dute eta ukitzeko musika bezala definitu dute. Jon Martin eta Gari Amundarain batu zaizkigu gaurko saioan.  Irati Odriozola izan da Beira taldeak dakarren nobedadea, bost izatetik sei izatera pasatu dira, eta konturatu orduko talde handitzen joan da. Aurreko lana kolorea zen […]

Honekin lotuak