2017ko Aste Nagusian gertatu zen: Gotzaingoak salatuta, Hontzak konpartsaren dekorazioa kendu zuten. Konpartsaren dekorazioak “Vatikanoko harategiak” zuen izena, eta han ikus zitekeen Kristo gurutziltzatu bat, eta giza gorputzaren zatiekin osatutako harategi bat. Hau irakur zitekeen: “Hartu eta jan, nire gorputza da eta”. Konpartsaren nahia “desobedientzia zibil eta adierazpen askatasunaren ariketa praktiko bat egitea izan da, Espainiako Zigor Kodearen parte den ‘sentimendu erlijiosoen aurkako delitu’ delakoaren kontra”. Umoreari mugarik ez zaiola jarri behar adierazi nahi izan zuten ariketa horrekin. Argudiatu zuten sinesmen indibidualak ezin direla oinarrizko eskubideen gainetik egon, adierazpen askatasunaren gainetik kasurako. Datorren asteartean epaituko dute konpartsakide bat “ Vatikanoko harategia” deituriko dekorazioagatik. Oraingo beste bi salaketa gehitu zaizkie, Falangeko buruzagietako bat den Jose Ignacio Irustarena eta Huelvako pertsona batena. Konpartsak elkarretaratzea deitu du astearterako epaitegi aurrean, goizeko 10:30ean.
Deskargatu hemen.