Gaurko saioan Pablo Zurutuza gitarrista eta abeslari donostiarraren proiektua izango dugu protagonista. MUGAN izena hartu du egitasmo honek behin bidaide egokiak topatuta banda sortu ondoren. 2022koa da euren lehenengo diskoa Bizirik ez bagaude izenekoa, eta bertan soinu bereziaz ondutako pieza biribilak bildu zituzten. Jarraitzeko, frekuentzia berean mugitzen den talde nafar batekin goaz. Hemen beste hainbatetan ekarri dugun Ibil Bedi taldea. Euren azken grabazioak Goldea du izena. Bertan bildutako musikak lur emankorretik sortutako belarren kulunka izan daiteke, edo sustraiek topatzen duten harrien lakarra. Aurreko saio batean, Rodrigo Leao-ren musika ekarri genuen 2004an ateratako Cinema diskoarekin. Aspaldi arrastoa galdua genion pianojole eta konpositore lisboarrari. Gaur, A estranha beleza da vida disko ederretik bi abesti aukeratu ditugu. 2021an grabatutako diskoa da. Jarraitzeko, Norvegiako hotzetik datorren banda bat: Lost Girls. Berez bikote bat da, emazte eta senar, nahiz Jenny Hval den taldearen arima. Bigarren diskoa dute kalean, Hval-en diskografia askozaz ere zabalagoa den arren. Selvutsletter izena jarri diote. Entzunaldi bakoitzean zabaltzen den diskoa da. Hurrengoa Gasteizko Pasadena taldea. Neurriz beti, momentu batetik bestera deslotuko den promesaren zain. Izpia izeneko diskoaz ari naiz. Eta bukatzeko, Beth Orton Weather Alive diskotik ateratako abesti eder batekin.
Deskargatu hemen.