Bloñ seikote baxenabartarraren musikarekin emango diogu hasiera gaurko saioari; Paxkal Irigoyen Etxeberrik eta Maia Iribarne Olhagarik sortu eta zuzendutako ikus-entzunezko lana da Bañolet Kantuz, Garazi eskualdeko herritarrekin auzolanean filmatua, eta berorren musika da Bloñ taldearen diskoko eta zuzenekotako mamia. Starchris izena du Body Meat-en debut luzea, badirudi gaur egun gure munduan zehar zabaltzen diren hainbat genero eta soinuek euren disko honetan topatu dutela kabi gozoa. Hyperpop deitu dakioke baina Starchris lanean estilo andana batek komunean dutena aztertzen du. Kathryn Mohr kantautorearen Waiting Room (2024, The Flesner) azaleko irudiak ilustratzen duen argi lausoen soinu-bandak ederki laburbiltzen du artistak albumean zehar garatu nahi duen guztia. Abestiok hein batean koloretsuak izan arren, entzulea gero eta lurralde ilunagoa eta pertsonalago batera bideratzen dute, moldaketetatik hasi eta bertsoen eraikuntzaraino doan kontzeptuarekin “Ohe huts honetan zure zain nago / Nire hezurdura fruta bat bezala etzan”. Uger taldea ekarri genuen aurreko saioan euren …bestela ondo izeneko grabazioarekin. Urte honetan kaleratu dute disko hori eta gaur dakarguna ere bai!! Amaiera bat izeneko diskoan plano desberdinekin jolasten dira, soinu obsesibo eta handiak tarteka. Talde oso interesgarria. Manu Louis musikagile eta abeslari belgiarra da, musika generoen nahasketak ditut gustuko: hari-orkestrarako musika egin izan du, baita jazza, popa, musika garaikidea eta inprobisazioa. 2019an atera zuen Cream Parade diskoarekin ekarri dugu gurera. The Very Small Orchestra Baiona ardatz zuen musika taldea zen. 2010ean sortu zen eta hasieran bi taldekide bazituen ere, 3 musikarirekin finkatu zen taldea, nahiz eta beste musikari batzuek ere hartzen zuten parte, eta batzuetan 6 musikari ere aritu izan dira taula gainean (The Very BIG Small Orchestra izen ironikoa erabiliz). Gagarin diskotik ateratako 2 abestirekin agur egingo dugu gaur.
Deskargatu hemen.

