MUSIBLA #277: Baxter Dury, The Spitfires, Mozart Estate, Hartz, The Charlatans, Ezra Furman, IDLES

Gaurko saioan Londresko ilunpetik Birmingham-eko blokeetara, punk, pop bitxi eta soul esperimentalaren artean ibiliko gara, dantzarako eta hausnarketarako kantuak tartekatuz. Lehenik, Baxter Duryren Allbarone diskoa ekarriko dugu. Paul Epworthek ekoitzitako lan honetan, bere ohiko spoken-word ironikoa groove elektroniko eta pop urbanoarekin nahasten du, melodikoki zuzen eta oso garaikide dirudien soinua lortuz, nahiz 80 hamarkadako oihartzunak nabariak diren. Ondoren, The Spitfires taldearen MKII entzungo dugu. Ska, mod eta post-punk ukituak dituen disko honek itzulera-indarra erakusten du, berdintasun eza, buruko osasuna eta maitasun hautsiak jorratzen ditu melodia itsaskor eta dantzagarrien bidez. Jarraian, Mozart Estate proiektuaren Tower Block In A Jam Jar izango dugu. Lawrence-ren pop bitxi eta sintetizadorez betetako unibertso honetan, glam ukituak, umore iluna eta eguneroko miseriaren kronika satirikoa uztartzen dira, kritikarien ustez bere ibilbideko lanik onenetakoa da hau. Etxera bueltan, Hartz taldearen Pilula bi diskoarekin jarraituko dugu. Rock eta poparen arteko mugan, gitarra itsaskorrak eta erritmo erdi-psikodelikoak erabiltzen dituzte eguneroko egoerak ironiaz zipriztinduta entzuleari helarazteko. Saioaren erdialdean, The Charlatans taldearen We Are Love entzungo dugu. Manchesterreko beteranoek betiko britpop eta rock psikodelikoaren nahasketa berritzen jarraitzen dute, Hammond organoa, groove sendoak eta koru zabalak erabiliz soinu bero eta klasiko bat eskaintzeko. Aspaldi ez genuen ekartzen gurera Ezra Furman. Gaur Twelve Nudes diskoa gurutzatu zaigu bidean. 2019an kaleratutako disko honetan, punk-rock oldarkor eta lo-fi giroan, generoa, identitatea eta kapitalismoaren kontraesanak lantzen ditu, kantu labur, ozen eta emozionalak. Saioaren azken txanpan, IDLES taldearen Brutalism diskoarekin eztanda egingo dugu. Post-punk zaratatsu eta politizatu honetan, erritmo bortitzak, gitarra zorrotzak eta gizartearen frustrazioari zuzenean egiten dioten oihuak dira nagusi.

 

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Arriaga Antzokiak Juan Crisóstomo de Arriaga eta bere legatua gogora ekarriko ditu haren heriotzaren 200. urteurrenean

ol. Urt 9 , 2026
Arriaga Antzokiak eta Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioak bat egin dute aurten ekimen berezi batean: Arriaga 200 egitasmoan. 2026ko urtarrilean konpositore bilbotarraren heriotzaren 200. urteurrena beteko da, eta, horren harira, ondarea, antzerkia eta musika uztartzen dituen programa zabala prestatu dute. Ibilbide antzeztuen bidez, publikoak Arriaga Antzokia barrutik ezagutzeko aukera […]

Honekin lotuak