Martxoaren 8aren harira, mugimendu feministak kaleak hartu ditu beste behin, eskuin muturraren, faxismoaren eta inperialismoaren gorakada salatzeko. Manifestazio bukaeran irakurri bezala ohartarazi dutenez, mundu osoan autoritarismoaren forma desberdinak agertzen diren arren, zapalkuntza logika berak mantentzen dira. Feministen arabera, egungo mundu ordenak kolonialismoaren oinordetza darama, eta lurraldeen espoliazioa, gerra eta zorra baliatzen ditu aberastasuna pilatzeko. komunikatuan azpimarratzen dute, halaber, Hegoalde Globaleko emakumeen lan prekarioak eta zaintza ikusezinek sostengatzen dutela sistema hori, askotan emakume migratuek egiten dituzten lanak izanik.
Komunikatuak salatu du jatorrizko herrien kulturak eta jakintzak desbalorizatu edo kriminalizatu egiten direla, kapitalismoari aurre egiten dioten bizimoduak direlako. Euskal Herrian ere hizkuntza zapalkuntza pairatzen dela adierazi dute, eta euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa aipatu dute horren adibide gisa. Era berean, eskubide sozial eta laboralak sistematikoki ahultzen ari direla salatu dute, eta egoera horren ondorioak bereziki emakumeek, disidentziek, arrazializatuek, migratuek eta aniztasun funtzionala duten pertsonek pairatzen dituztela nabarmendu dute. Mugimendu feministaren iritziz, zerbitzu publikoen pribatizazioak eta prekarietatearen hedapenak egoera areagotu egiten dute.
Deskargatu hemen.

