Zientziaren bihotzera egingo dugu salto, izan ere, Bilboko Areatzatik zuzenean ari gara. Datozen egunetan jakin-minaren, esperimentazioaren eta etorkizunaren plaza nagusia bilakatuko da Areatza. Hemen bertan abiatu baita Elhuyar Zientzia Azoka 2026, Gaurtik maiatzaren 9ra bitartean ospatuko den topaketa handia.Lau egunez, 60 ikastetxetako 660 gaztek aurkeztuko dituzte ikasturtean landutako proiektuak, guztira 183 STEAM egitasmo baino gehiago. Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak uztartzen dituzten lanak izango dira ikusgai. Bigarren egunean eguzkia lagun izan dugu eta asko izan dira ezagutu ditugun ikerketan.

Elhuyarreko Aitziber Lasarekin azokaren bilakaera errepasatzen ari gara. Zientzialari gazteentzat irratian euren proiektuak azaltzea “izugarrizko bizipena” izaten dela nabarmendu du. Azokaren nondik norakoak ekarri dizkigu.

Gasteizko Olabide ikastolako Ibai, Paul eta Yuritz estreinakoz etorri dira euren proiektua aurkeztera. Iazko argi-mozketan inspiratuta, eguzki-labe bat asmatu dute, aluminioa eta kutxa beltz bat erabiliz, janaria 51 gradura berotzen duena.

Nora, Haizea eta Eva Barakaldoko Alazne ikastetxean dabiltza, DBHko 4. mailan, eta biomasatik eratorritako karbonoa eta erabili dute kutsatzen ez duen bateria egiteko.

Iruñeko Biurdana institututik Uxue eta Lujan. Berotze globalak eragindako eurite handiek baratzeetan duten eragina aztertu dute. Gehiegizko ur kopurua jasandako uhazak aztertu eta ur kopuru normalarekin ureztatutakoekin alderatu dituzte.

Sandra, Naroa eta Aroa ere Barakaldoko Alazne ikastetxetik datoz, kutsaduragatik kezkatuta daude. Garbikari intentsoaktiboek aparra sortzen dute garbitzeko, baina araztegiak ez ditu gai horiek guztiz ezabatzen. Goroldio mota berezi batek kutsadura hori jaisteko balio duela aurkitu dute.

Tolosako Herrikide ikastegitik datoz Naroa, Maria, Irati eta Dalal. BBC Micro Bit gailuen bidez, unean uneko kokapena kontuan hartuta, autobusa geltoki bakoitzera iristeko zenbat falta zaion zain daudenei jakinarazteko proiektua da haien “Busbira”.

Kirmen, Pello eta Julen Bilbotik datoz, Elhuyarren Bizilabe ekimenetik eta “Behelainotik edalontzira” proiektua egin dute, airetik ura erauzteko. Azkorri hondartza inguruan probak egin eta, ondorioztatu dutenez, oktogonoa da formarik eraginkorrena lurrunetik ura ateratzeko.

Idurre eta Eider Gasteizko Olabidetik datoz eta hiru hiriren arteko konparaketa egin dute, eraikinen ezaugarriak eta klima kontuan hartuta, gehiegi berotzen ote diren. Ondorioztatu dute berdeguneek eragin txar hori moteltzeko balio dutela.

Lekunberrikoak dira Ainhitze, Aiora, Naia, eta Naira. Leitzako Amazabal ikastegitik datoz eta ahoa eraginkortasunez garbitzen ote dugun ikertu dute. Hiru talde aztertu dituzte, hortz-eskuila eta pasta ezberdinak erabili dituztenak.

Maddi, Iraia eta Udane Gasteizko Olabidetik datoz. Patatak eta limoiak erabiliz argindarra sortu dute. Limoiak volt gehiago sortzen dituela ikusi dute, azidotasuna dela eta, baina euren ortuan denetik dute landatuta, eta denari atarramendua ateratzen diote, era batean edo bestean.

