Argia astekariaren aste honetako edukien errepasoa egin dugu Maria Ortega kazetariarekin. Azaleko gaitik abiatu gara. Sarek jakinarazi berri du datorren urteko urtarrilean egingo den manifestazioa azkena izango dela. Erabaki hori euskal preso politikoen egoeraren bilakaerarekin lotuta dago: gaur egun 113 preso daude, eta horietatik 63k egunero espetxetik irteteko baimena dute. Testuinguru horretan, Xabier Letona kazetariak 1980ko hamarkadatik gaur egunera arteko kronologia osatu du. Erreportajean aztertu du nola igaro den EPPK espetxeetako baldintzak errefusatzetik gaur egun baldintza horiek onartu eta baliatzera, estrategia aldaketa horren gakoak azpimarratuz. Bestalde, Mark Bray historialari estatubatuarrari egindako elkarrizketa ere izan dugu hizpide. Antifa liburuaren egileak azaldu du nola ikusi duen bere burua erbesteratuta lan hori argitaratu zuenetik. Alex Romaguerarekin izandako solasaldian, Donald Trumpen inguruan sortu diren mugimendu erreakzionarioak aztertu ditu, eta AEBetako egoeraren erradiografia egin du. Azkenik, AEBetan, Kanadan eta Mexikon jokatzen ari den Munduko Kopaz ere aritu gara. Txapelketa polemikaz inguratuta hasi da, Donald Trumpen itzala berriro ere erdigunean agertuz. FIFAk bakearen saria eman zion, hainbat jokalari eta teknikariri herrialdera sartzeko trabak jarri dizkio, sarreren prezio altuek eta antolatzaile diren beste bi herrialdeetako agintariekin duen harreman hotzak eztabaida ugari piztu dituzte. Beste behin ere, Donald Trump nazioarteko arreta gune bihurtu da.
Dekargatu hemen.
