Lasai eta patxadaz hitz egiteko tartea irekiko digu gaurko saioak. Lehenengo, La Taller galeriara joango gara. Bertan, Ladrillo erakusketa ezagutuko dugu, Lorea Blanco artistaren lanak biltzen dituena. Erakusketa haren komisario eta antolatzaile lanetan, bere alaba Leire Ugalde aritu da. Irailaren 25ean, ostirala, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko La Taller galerian, Lorea Blanco artista eta poetaren Ladrillo erakusketari amaiera emateko ekintza poetikoa egingo dute Lorea Blancok eta Leire Ugaldek. Gaur, beraz, erakusketaren eta ekitaldiaren nondik norakoak ezagutuko ditugu, eta horretarako Leire Ugalde gonbidatu dugu gurera. Eta saioaren bigarren tartean, Natxo de Feliperen Abandonatuak diskoa ezagutuko dugu. Erretiroa hartu eta urte batzuetara, berriro bueltatu da kantura. Oraingoan, Oskorrik abandonatutako kantuak berpiztu ditu hari laukote batekin.
Deskargatu hemen.

