Gaurko saioan, euskal musikaren eta nazioarteko pop esperimentalaren arteko mugak zeharkatuko ditugu, intimitatearen eta energiaren arteko txandak eginez. Lehen gonbidatuak Aguxtin Alkhat eta Kamila Zubeldia izango dira, Orhoit Hilcia diskoarekin; Ipar Euskal Herriko bi kantagileen elkarlaneko lehen lana da, hamar kantuz osatua, pop, folk, rock eta blues soinuak gurutzatzen dituena, eta bi gitarra eta ahotsen gainean eraikitako grabaketa zuzen eta hurbil bat proposatzen du. Ondoren, Basement britainiarren Wired jarriko dugu, zortzi urteko isilaldiaren ondoren, gitarra orroak, koru zabal eta kargatuak eta emozio gordinak lehen lerrora dakartzate berriz. Handik, Barrrk taldearen Madari / Sugegorri single bikoizera joko dugu. Euskal rock eszenako proiektu honek gitarra distortsionatuak, bateria astunak eta ahots oihuak uztartzen ditu, post-punk eta alternatiboaren arteko erdibidean kokatuta. Ondoren, Grace Ives estatubatuarraren Girlfriend diskoan sartuko gara. Artistaren hirugarren lana da eta 11 kantuz osatuta dator. Gero, Ane Martija nafarraren Hasi Berriz diskoa jarriko dugu. Artistaren lehen disko luzea da; euskal pop-rockaren eremuetatik dabil, gitarra akustiko eta ahots hurbilak nagusitzen diren kantuak tartean. Ondoren, Garazi Esnaola lizartzarraren Ez Gaude Hemen diskoan sartuko gara. Piano-jotzailearen lehen bakarkako proiektua da, hamabost urteko ibilbidearen ondoren kaleratutako bederatzi kantuko lana; pianoa eta ahotsa dira elementu nagusiak, eta barne-bidaia intimo bat proposatzen du, kantu xume, biluzi eta dotoreez osatua. Tomora Tom Rowlands (The Chemical Brothers) eta AURORA norvegiar kantugilearen arteko elkarlanaren lehen diskoa da Come Closer, 2026ko apirilean kaleratua. Hamabi kantuz osatutako lan honek techno, trip-hop, house euforia eta pop esperimentala uztartzen ditu. Eta amaitzeko, Ateri taldearen Ilun eta Argi, rock atmosferiko eta post-punkaren eremuetatik edaten dute.
Deskargatu hemen.
