Gaur goizean Bilbon Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an egingo duen ekitaldia aurkeztu du. Bilboko Bilbao Arenan milaka euskaltzale biltzeko eta euskararen etorkizunaren aldeko pizkunde berri bat sustatzeko asmoa agertu du Kontseiluak. Prentsaren aurregan egindako agerraldian gogorarazi dute duela urtebete ohartarazi zutela euskara larrialdi linguistikoan dagoela, eta ordutik egoerak okerrera egin duela: euskararen erabilera jaisten ari da Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta EAEko gune euskaldunetan. UEMAren proiekzio demolinguistikoaren arabera, 2036rako ez da geratuko arnasgune osorik eta euskararen erabilera soziala nabarmen murriztuko da. Euskararen ezagutza ere atzera egiten ari da, bereziki Nafarroan.
Gaur gurekin izan da Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, guzti honen inguruko azalpenak ematen, eta gogora ekarri digu arazoa egiturazkoa dela: euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan, eta azken urteetako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoek are gehiago ahuldu dute hizkuntzaren babesa, “desofizializazio prozesu” batean sartuz. Egoera horrela, Kontseiluak itxaropen mezua zabaldu nahi du: “larrialdia indarraldi bihurtu” nahi dute. Horretarako, 110 eragile sozialekin batera, “Batuz Aldatu” dinamikaren barruan Itun Soziopolitiko berria proposatu dute, euskararen aldeko adostasun sozial zabala lortzeko asmoz.
Deskargatu hemen.

