Gaur goizean Bilbon Euskalgintzaren kontseiluak abenduaren 27an egingo duen ekitaldi aurkeztu du. Bilboko Bilbao Arenan, milaka euskaltzale biltzeko eta euskararen etorkizunaren aldeko pizkunde berri bat sustatzeko asmoa agertu du. Kontseiluak gogorarazi du duela urtebete ohartarazi zutela euskarak larrialdi linguistikoan dagoela, eta ordutik egoerak okerrera egin duela: Euskararen erabilera jaisten ari da Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta EAEko gune euskaldunetan. UEMAren proiekzio demolinguistikoaren arabera, 2036rako ez da geratuko arnasgune osorik, eta euskararen erabilera soziala oso murriztuko da.Euskararen ezagutza ere atzera egiten ari da, bereziki Nafarroan. Eta gogora ekarri digu arazoa egiturazkoa dela: euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan, eta azken urteetako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoek are gehiago ahuldu dute hizkuntzaren babesa, “desofizializazio prozesu” batean sartuz. Egoera horrela, Kontseiluak itxaropen mezua zabaldu nahi du: “larrialdia indarraldi bihurtu” nahi dute. Horretarako, 110 eragile sozialekin batera “Batuz Aldatu” dinamikaren barruan Itun Soziopolitiko berria proposatu dute, euskararen aldeko adostasun sozial zabala lortzeko asmoz. Gaur gurekin da Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia izan da guzti hoen inguruko azalpenak ematen.
Deskargatu hemen.