Gaurko saioan rockaren eta pop esperimentalaren arteko mugak zeharkatuko ditugu, tentsio emozional handiko kantuak eta energia ezberdinetako paisaiak tartekatuz. Lehen geltokia Basement izango da, Wired diskoarekin; zortzi urteko isilaldiaren ondoren kaleratutako lan honek taldearen “hard reset” modura funtzionatzen du: Run For Cover zigiluarekin berriz elkartuta, euren rock alternatiboaren esentziara itzuli dira. Ondoren, Bide talde nafarraren Bidean gaude diskoan murgilduko gara. Hamar kantuz osatutako euskarazko pop-rock lana da, zaurgarritasunetik idatziak; ibilbide pertsonal baten kronika emozional modura funtzionatzen du. Giro horretatik, pop eta dancearen arteko mugak desegiten dituen Underscores proiektuaren U diskoan sartuko gara. April Harper Grey kantugile eta ekoizlearen hirugarren lana da izen honen azpian, eta 2010eko pop komertzialaren, bro-step-aren eta bubblegum bass-aren kutsuak berriz gorpuztu ditu lan honetan. Ondoren, Mugan taldearen Bizitza Ozen Denean II jarriko dugu, Bizitza ozen denean I-ren jarraipena den EPa. 2026ko maiatzean kaleratutako bost kantuko lan honek Xabier Erkizia ekoizlearen laguntzarekin grabatutako rock garaikide eta melodiatsuaren aldeko apustua egiten du emaitza bikain honekin. Handik oso gertu, baina tonuz askoz biluziagoan, Iban Martin nafarraren Zaurietan Lore izango da hurrengo geltokia. Aitaren heriotzaren dolutik sortutako lehen bakarkako EPa da, lau abestiz osatua; gitarra eta ahots hurbilak dira ardatz, baina Maite Ruiz de Erentxunen akordeoiak, Ander Marino Elorzaren bateriak eta Gotzon Eizagirreren baxuak geruza leunak eransten dizkiote. Aurrera gure bidean, My New Band Believe proiektuaren izen bereko diskoan sartuko gara. Black Midi taldeko baxu-jotzaile ohia den Cameron Pictonek gidatzen duen banda ireki honek bere lehen lana aurkeztu du duela gutxi. Esperimentazioa eta are rock sinfonikoaren bide mamitsuetatik barrena ibilaldi polita da diskoa. Saioaren zatirik bitxienetakoa Blakkat Mentxu proiektuaren izen bereko diskoa izango da. 2026ko martxoan kaleratutako lan honetan euskal rock eta pop alternatiboaren eremuetatik dabilen taldeak zortzi kantu bildu ditu.
Deskargatu hemen.
