Fermin Muguruzak Black is beltza abestia eta bere bideoa argitaratu ditu, izen bereko nobela grafikoaren eta erakusketaren aurkezpenarekin batera. Abestiak, besteak beste, Boots Riley kantariaren kolaborazioa jaso du. The Coup taldeko abeslariak errepika bat sartu zuen abestiaren une batean, izan ere, The Coup taldeak Kafe Antzokian eskainitako kontzertua profitatuz, gure estudioan grabatu zuen Boots Rileyk. Horregatik bideoan Riley gure estudioan ikus dezakegu kantuan.
Riley isiltzen ez direnetakoa dugu, idazle eta eragile politiko ezaguna baita AEBetan. Horregatik, bertako gobernuaren jazarpena eta espioitza jasan behar izan du. Izan ere, Wikileaks-ek ezagutzera emandako paperetan aipatzen zen musikari bakarra bera izan zen. Boots, bestalde, Occupy Wall Street mugimenduaren baitako artistarik ezagunenetakoa izan zen, Rage Against the Machine-ko Tom Morellorekin batera. The Coup taldeak hip hop, funk eta soul estiloen nahasketa interesgarria egiten du.