Bilboko Konpartsek agerraldia egin dute gaur hedabideen aurrean, eta 2018rako Aste Nagusirako gozamenaren, errespetuaren eta zaintzaren aldeko aldarria egin dute. Txosnagunea argi adierazi dute erasorik gabeko Aste Nagusia nahi dutela, eta “Nik gozatu, zuk errespetatu, hura zaindu” leloa zeraman afixa erraldoia erakutsi dute. Hain zuzen ere, emakumeek askatasun osoz gozatuko dituztelako jaiak, gizonezkoek haien espazioa eta erabakiak errespetatuko dituztelako, eta elkarren zaintzaren kultura gailenduko delako jai-eremuan. Eta lelo horrekin beteko dute Areatza osoa, ezkiek eutsiko baitituzte banderin moreak, aurten nagusituko den mezua ondo erakusteko. Agerraldian azaldu dutenaren arabera, “ezinbestekoa da festen gozamena erabatekoa izan dadin, emakumeon autonomia oztopatzen duen edozein jarrera nahiz eraso sexistari aurre egitea. “Jai-guneetan ere, emakumeen eta gizonen arteko harreman-eredu berriak eraikitzeko lan egin behar dela aldarrikatu dute Bilboko Konpartsetatik, elkarren zaintzaren kultura gailenduko den eredu baten alde egin dute, non erasoen aurrean ardurak konpartituak izango baitira, non heteronormatibitatea zalantzan jarriko baita, non emakumeak beren desioen protagonista izango baitira eta gizonek emakumezkoen gozamenerako eskubidea errespetatuko baitute. Eredu bat non emakumeek festan izango duten parte-hartzea osoa izango baita. Azken urteotan bezalaxe, edozein eraso gertatzekotan Bilboko Konpartsek babesa eta informazioa eskainiko dutela azaldu dute. Edozein modutan, herritarren arreta eskatu dute, erasoen aurkako protokoloa aktibatzen bada adi egon eta mobilizazioekin bat egin ahal izateko.
Honekin lotuak
-
2017/08/23
Eguzkizale konpartsa ekologia ardatz