SOINUGELA: Gary Brooker, Ian McDonald, Carla Thomas, North Mississippi Al Stars

Gaurko saioan azken hileotan zendu diren hainbat musikariren lana goraipatu nahi izan dugu. Gary Brooker, Procol Harum taldearen abeslaria, teklatu jolea eta kantuegilea (Keith Reidekin batera, hark hitzak idazten zituela) pasa den otsailaren 22an hil zen, 76 urte zituela. 1967an zinezko urrezko kantu bat grabatu zuen Ingalaterrako talde hark: A Whiter Shade of Pale, hain zuzen. Gero beste pare bat kantu entzun ditugu: Conquistador (Live, 1972) eta Grand Hotel (1973).

Ingalaterrratik irten barik, Ian McDonald musikagile eta musika tresna anitzen jotzailea hil da, 75 urterekin. McDonald 1969an, King Crimson taldearen In the Court of the Crimson King bilduman taldekiderik garrantzitsuenetakoa izan zen. Britainiar ejerzitoaren bandan ikasi zuen musika. King Crimson taldea, tamalez, laster utzi zuen. Gero, session-man izan zen eta, geroago, AEBetan, Foreigner taldea sortu zuen. Entzun dizkiogunak: 21st Century Schizoid man (King Crimson), Epitaph (King Crimson) eta Get it On (T-Rex, 1971).

Hargus “Pig” Robbins AEBetako piano jolea hil da, 84 urte zituela. Robbins itsua zen eta Nashvilleko estudioetan errazago izango zen galdetzea norekin ez zuen jo, askorekin jo baitzuen. Haren kantu bat entzun dugu, I Want You (Bob Dylan, 1966).

Sam Lay Alabamako bateria jolea 1935ean jaio eta Chicagon zendu zen iragan urtarrilaren 29an. 60ko hamarkadan The Paul Butterfield Blues Band taldeko partaidea izan zen eta Dylanekin jo zuen Newport jaialdian, Minnessotakoak entzuleen haserrerako, lehenengo aldiz gitarra elektrikoa jo zuenean. Entzun dugu: I Got My Mojo Working (1965).

Sandy Nelson Kaliforniako bateria jolea pasa den otsailaren 17an hil zen, 81 urterekin. Rock’n’roll eta surf talde askorekin jo zuen. 1963an hanka bat galdu zuen eta egokitu egin behar izan zuen bere estiloa. Entzun diogu: To Know him Is To Love Him (Teddy Bears, 1958).

Syl Johnson blues eta soul kantaria Mississippin jaio zen 1936an eta joan den otsailaren 6an zendu zen Georgiako Macon-en. Chicagora emigratu zuen gaztetxoa zelarik eta, 70eko hamarkadan, Willie Mitchell-en Hi! diskoetxean arrakasta handia lortu zuen. Entzun ditugunak: Back for a Taste of Your Love eta Could I Be Falling in Love. Sylen anaia, Jimmy Johnson, blues gitarra jolea, Urtarrilaren 31n hil zen. Nahiz eta 93 urte izan, azkeneko astera arte jo zuen zuzenean. Bere Cold, Cold Feeling (2015) entzun dugu.

Carla Thomas memphistar abeslariak 1970ean 11 kantu grabatu zituen Chris Moman-en Memphis Boys-ekin. Zoritxarrez, baina, Stax diskoetxeak artxibatu zuen bilduma eta ez zen sekula argitaratu. Azkenean, Ace diskoetxean kaleratu ziren American estudioan egindako grabazio eder haietako batzuk entzun ditugu: Country Road, I Am Getting Closer to You, to Love Somebody, Sweet Sweetheart eta I Love You Like I Love My Very Life.

Dickinson anaien North Mississippi Allstars-ek bilduma berria kaleratu egin du, Set Sail izenekoa, eta bertatik Never Want to Be Kissed (William Bell-ekin) eta Bumpin’ entzun ditugu.

 

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Itxaropena kaleko frontoiaz gain eraikinak gazte-leku, haur-gune eta liburutegia izango du

az. Mai 18 , 2022
Bost solairuko eraikina izango da, eta pilotalekuaz gain, gazteleku bat, haurrentzako gune bat eta liburutegia hartuko ditu, besteak beste. Milioi batetik gorako inbertsioa izan da. 2015an eraitsi zen esperantzako Fortoia, metroaren linea berriaren obrak egiteko. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean egon ostean eraikin berria egitea adostu zuten. Oraingo eraikinak izango duen ezberdintasun […]

Honekin lotuak