Bilbo Hiria Irratian eta Uriolan hauteskundeen jarraipena egiten ari gara elkarlanean. Gaurkoan, EAJko zerrendaburua izan da, Juan Mari Aburto. Aburtok zortzi urte egin ditu Bilboko alkate gisa, eta beste lau egiteko aurkeztu du bere burua. Promesak egitea ez baizik eta konpromisoak hartzea gustatzen zaiola dio deustuarrak. Kanpaina luze doala aitortu digu, izan ere, oraindik ere alkate lana egiten jarraitzen du eta, beraz, hautagai eta alkate lanak metatuta ditu. Bukatu berri den agintaldia erakundeentzat gogorra izan da, herritar guztientzat bezala. Alderdi politikoekin eginiko akordioak garrantzitsuak izan dira, eta hori bidea izaten jarraitu behar duela uste du EAJko hautagaiak.
Hizkuntzari dagokionez, bi erronka identifikatu ditu Bilboko EAJk datorren legealdiari begira: hirian euskararen «erabilera soziala» indartzea eta udalaren barruko komunikazio hizkuntza gisa euskararen erabilera sustatzea. Aburtoren esanetan, laguntzak bideratuko dituzte euskara ikasteko, hiritarrak izango dituzte kontutan. Udal funtzionamenduari begira plan berria egitea aurrikusten du. Euskara Batzordea indartzea izango da legealdi berriko helburua.
Turismoari dagokionez, BPG 7,5a dela aitortu du, beraz, garapen ekonomikoa eta enplegua ekartzen du. Bilbon tokiko ekonomia oso garrantzitsua da eta turismoak on egiten dio. Pisu turistikoei dagokionez, Aburtoren arabera, kontrolatu egin behar da, arauak betetzeko daudelako. Merkataritza eta ostalaritza sektoreei begira turismo jasangarri baten alde egingo duela adierazi du EAJko hautagaiak.
Deskargatu hemen.