Igande eguerdian, kalean, taberna parean egingo duten jai baten bidez, agur esango dio Gorlizko Xurrut tabernak 38 urteko ibilbide luze bezain oparoari. Xurruten historia gogoratzeko tartea hartu dugu bertako Eneko Alvarezekin, berak urteetan kontzertuak programatzeko ardura izan du eta. 1985ean Rufus eta AHV taldeekin hasi eta gaurdaino, euskal talde ugari igaro dira bertatik eta garaian garaiko musika independentearen isla izan da tabernako sotoa. Izan ere, 90eko hamarkadan Getxo aldean sortutako taldeek berebiziko toki kuttuna izan zuten Xurrut, baina baita Zea Mays, PiLT eta beste euskal talde askok ere. Oso zerrenda luzea osatzen dute, halaber, bere momentuan bertatik igarotako nazioarteko taldeek, Australian Blonde asturiarrak, At The Drive-In amerikarrak edo Portobello Bones frantziarrak kasu. Enekorekin errepasatu dugu Xurruten bizitzan jaso dituen askotariko artisten emanaldien zerrenda luzea, eta urriaren 1ean antolatu duten despedidaz ere jardun dugu. Rocka eta pizzak ikur nagusitzat izan dituen Xurrutek kultura arloan egindako ekarpen handiak ez du sekula instituzioen onarpenik edo laguntzarik jaso, baina igandean jasoko du bere parrokiaren lagunarteko omenaldia, besteak beste, Sonic Trash, Omago, Duobite, Monday Potions, Lee Perk, Planetaleta e Er Duende & Tonians, “gehi sorpresak” izango dituen jaialdi irekian.
Deskargatu hemen.