Euskalgintzaren Kontseiluak eskerrak eman dizkie azken hilabeteotan lan nekaezina egin duten ehunka bolondresei eta larunbatean bertan Bilboko kaleak bate zituzten milaka herritarrei. Antolatzaileen aurreikuspena gainditu egin zuen larunbateko manifestazioak, baina Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek argi adierazi du euskararen normalizazioak bide luzea duela oraindik egiteko. Bestalde, Kontseiluak gaineratu du itun soziopolitiko baten beharra dagoela eta hura bideratzeko konpromisoa hartuko duela.
Oldarraldiaren aurrean hizkuntza eskubideak babesteko Protokoloa izeneko dokumentua ere aurkeztu du Kontseiluak, haien aurkako erasoen aurrean antolatu eta saretzeko balioko duen dokumentua. Bi egoera motatan aktibatuko da protokolo hau: batetik, arau, kontratazio publiko edo lan-deialdi bati hizkuntza-eskubideei lotutako helegitea jarri zaiola jakindakoan, kasuan kasu jarraipena egiteko; bestetik, hizkuntza-eskubideen edo euskararen normalizazioaren-aurkako epai baten berri jasotakoan, erantzuna prestatzeko.
Deskargatu hemen.