MUSIBLA #231: Los Campesinos, Eneritz Furyak, Zelanda, Benizze, Maider, Bonnie ‘Prince’ Billy

Los Campesinos! Cardiffen sortutako taldea da. Zazpi disko grabatu dituzte, tartean All Hell berria eta zazpi urte daramatzate eszenatokitik desagertuta. Kritika bikainek ongi etorria eman diote disko berriari, freskatuta agertzen den soinuaren edertasuna eta garbitasuna eta letra sakonak eta umoretsuak nabarmenduz. Hitz poetiko ilunkarak kantatzen dituen ahots berezi eta pertsonala da Eneritz Furyakena (Eneritz Dueso Domenech). Heterodoxoegia folk konbentzionaleko ikuspegi hertsiarentzat, popetik ez da urrunegi, baina punka da osagai ezinbestekoa bere kantuetan. Sortzeko modu sinpleagatik, kantuen trinkotasunagatik, bere kabuz eta eskura dituen tresna apurrekin produzitu nahiz grabatzeagatik. Bere azken aldiko bi abesti ekarri ditugu gaur, jantzi elektronikoa duten abestiak, mundu berriak ikertzen. Hesian taldea desegin ondoren Fran Urias abeslari eta gitarristak sortutako taldea da Zelanda. Ane Bastida (baxua) eta Iñaki Bastida (bateria) ditu lagun proiektu berrian. «Gauean oroitzapen gaiztoak datoz, eta bueltaka eta biraka doaz ikuzgailuan legez. Programaren bukaeran arropa garbia dago, oroitzapen ilun horiek zertxobait naretuta dira goizaldera eta garbiago dakusagu bizitza. Letraren korapiloak bezala, melodiak ere prozesu berbera eraman du», azaldu dute azken singlearen (“Irentsita”) aurkezpenean. Bigarren abestirako Gariren ahotsa hautatu dute. Beñat Goitiaren (Gasteiz, 1991) bakarkako proiektua da Benizze. Montauk taldearekin bi disko argitaratu ondoren mundua aldatu egin dela esan du bere lehen diskoa aurkezterakoan: «Ezin gara ezer gertatu izan ez balitz bezala 2019ko moldeetara itzuli. Belaunaldi oso bat ate joka dago, dantzarako gogoz». Eta honela dator bere disko berriarekin: Basati. Soinu berriekin jarraituta Acto Messie proiektua ekarriko dugu gurera. Hondarribitik dator eta bere azken diskotik (Takit Deus) abesti pare bat entzungo ditugu. Donibane Lohitzunen (lapurdi, 1986) jaiotako musikaria da Maider Cigarroa. Maider izen artistikoa hartu du Biran den Lasaia izeneko diskoa kaleratzeko. Aurrez Haizean eta Hiru Soinu taldeetan aritua. Pop melodiek ardazten dute bere musika, bere ahotsak duen gardentasunaz lagunduta. Will Oldham, Bonnie ‘Prince’ Billy izen artistikoarekin ezaguna, kantautore eta aktore estatubatuarra da. 1993tik 1997ra, Palace izenaren aldaketekin aritu eta grabatu zuen, Palace Brothers, Palace Songs eta Palace Music barne. Will Oldham izena daraman zenbait material argitaratu ondoren, 1998tik, “Bonnie ‘Prince’ Billy” ezizena hartu zuen bere lan gehienerako.

Deskargatu hemen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Ara!Gorputz kooperatibaren "hilekoa eskoletan" programa martxan da

al. Ira 16 , 2024
Ara!Gorputz kooperatiba 2018. urtean sortu zuten Ione Fernandez eta Enara Iruretagoienak helburu argi batekin: emakumeek haien gorputzarekin, genitalekin eta hilerokoarekin duten harremanera bueltatu, sakondu eta hobtzea. Formazioak ere eskaintzen dituzte eta hiru urte daramate eskolaz eskola “hilekoa eskoletan” programarekin. Ione Fernandez izan dugu telefonoaren beste aldean eta berak kontatu dizkigu […]

Honekin lotuak