2024-25 sasoiari ongietorria emateko ordua iritsi da. 2018an hasitako bideari jarraiki, ekonomiaren inguruko gaiak hizpide izaten jarraituko dugu Lanaren Ekonomia saioan. Mundua eraldatzeko lehen pausua mundu horren errealitatea aztertzea, ulertzea eta azaltzea denez, zeregin horretan zentratuko gara. Ekintzarik gabeko analisiak bihotzik gabeko buruak diren bezala, analisirik gabeko ekintzak bururik ez duten bihotzak dira. Bata eta bestea ezinbestekoak dira gaur egungo agertokian.
Horrexergatik, Lanaren Ekonomiak langileen ikuspegitik jorratutako analisi kritikoak zabaltzea du helburu, egungo langile borrokak eta gatazkak abiapuntutzat hartuta. Klase ikuspegia eta gehiengo zapalduaren bizipena oinarrian izanda, ekonomia gaiak jorratzen eta ulertarazten arituko gara, Bilbo Hiria irratia, Hordago, El Salto Radio, Argia eta Arrosa sarean arteko elkarlanari esker.
Irratsaioa bi barikutan behin izango da, 18:00tan, eta gaur lehenengoa egin dugu, etxebizitzaren gatazkari buruz. Gure sindikalagenda berraktibatuz, asteko deialdi sozialen eta borroka sindikalen berri emateko, saio honetan hiru elkarrizketa izan ditugu. Hasteko, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren bozeramailea den Karla Pisanorekin hitz egin dugu, gatazkaren norabidearen eta Abenduaren 14rako antolatu duten manifestazioaren inguruan.
Ostean, Roser Espelt Bartzelonako Taifa Seminariko kide eta Lanaren Ekonomia lantaldeko lagun berria eta Miguel Virizuela ekonomialari eta Hordago eta El Saltoko editorearen arteko solasaldia egin dugu, Euskal Herriko etxebizitzaren egoera eta borrokaren azterketa egiteko.
Saioa bukatzeko, eta ohikoa den bezala, Argia atala izango dugu, Jon Torner kazetariak Nafarroan eta Euskal Herri kontinentalean gune tentsionatuak izendatzeko politika berriak aztertzeko, alokairuen prezioak mugatzeko helburua dutena. Hurrengo saioak politika industrialak (Azaroaren 29an) eta euskal aurrekontu publikoak (Abenduaren 13an) aztertzeko izango dira.
Deskargatu hemen.