Euskaraz bizitzeko gune seguruak sortzea, sareak ehuntzea eta hirian euskaldun izatea posible eta desiragarri egitea. Horixe izan da Zenbat Gara elkartearen lanaren ardatza azken hiru hamarkadetan, eta horregatik jasoko du aurten Elkar Fundazioaren eskutik Ibilbideari Elkar Saria. 1990eko hamarkadan sortu zen elkartea, Bilbon, Gabriel Aresti euskaltegiaren inguruan. Hura izan zen abiapuntua, baina ondoren etorri dira Algara konpartsa, Kafe Antzokia, Bilbo Hiria irratia, Erroa argitaletxea eta beste hainbat ekimen, denak helburu beraren bueltan: euskaldunak saretzea eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea. Ibilbideari saria jasoko du Zenbat Garak, eta proiektuari saria Kanaldudek jasoko du. Elkar fundazioak 2016tik banatzen ditu sariok, eta hamargarren aldia da aurtengoa. Sariak banatzeko ekitaldia gaur arrastian izango da, Bilboko Kafe Antzokian. Eider del Canto eta Eider Cortezon Zenbat Garako kideak batu zaizkigu gaur irratira, sariaren inguruan solastatzeko.
Deskargatu hemen.

