MUSIBLA #275: Baxter Dury, Alai, Naxker, Micah P. Hinson, Deus Ez, Hartz, Mozart Estate

Gaurko saioan, Londresko kale ilun eta diskotekako argi koloretsuen artean ibiliko gara lehenbizi, Baxter Duryren azken lanarekin. Allbarone diskoan, bere betiko ironia eta kontakizun urbanoak dantza-erritmoetara eta groove elektronikoetara eramaten ditu, pop eta disco ukitu modernoekin jantzita. Ondoren, etxera egingo dugu salto, Alai tolosarraren Krisalida diskoarekin. Elektronika intimo eta atmosferikoan murgiltzen den lan honek barne-eraldaketaz, haztearen minaz eta babes beharrari buruz hitz egiten du, beat apurtuen eta melodia beroen bidez ibilbide emozional bat eskainiz. Jarraian, Naxker taldearen Nori Jarriko Dizkiozu Gure Abestiak? EP berria entzungo dugu. Pop doinu zorrotzekin eta gitarraren indarrarekin, talde nafarrak eguneroko esperientziak eta ahots kolektibo baten beharra jorratzen ditu, bost abestitan bildu den lan trinko eta zuzenean. Beste behin salto egingo dugu berriro ere Estatu Batuetara Micah P. Hinson kantautorearen Tomorrow Man diskoaz gozatzeko. Americana ilun eta zinematografikoan oinarrituta, ahots urratu eta intimoarekin bakardadeaz, zauriez eta itzulerarik ez duten bideez mintzo da. Saioaren erdialdean, berriz ere etxeko soinuen txanda izango da, Deus Ez taldearen Zain diskoarekin. Rock alternatiboaren eta melodia itsaskorren arteko orekan, gitarra indartsuak eta erritmo zuzenak dira nagusi, agertokietako energia grabazioetara ekarriz. Gero, Hartz proiektuaren Pilula Bi diskoarekin jarraituko dugu. Rock eta poparen mugan, gitarra itsaskorrak eta erritmo erdi-psikodelikoak uztartzen dituzte, eguneroko arraro hori humore eta ironia ukituekin kontatzeko. Amaieran, Mozart Estate taldearen Tower Block In A Jam Jar lanarekin agurtuko gara. Luke Hainesen proiektu honek pop bitxia, ironia politikoa eta eguneroko miseriaren kronika satirikoa nahasten ditu, pop abesti labur eta buruan iltzatuta geratzen diren melodiatan bilduta.

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

PIPERPOLIS: Irati Gorostidik "Aro berria" filma aurkeztu digu

az. Abe 17 , 2025
Irati Gorostidi zuzendariaren estreinako pelikula da Aro berria, eta Zinemalditik pasa ondoren, zinema aretoetara iritsiko da egunotan. Maite Muguerza, Jon Ander Urresti eta Edurne Azkarate dira aktoreetako batzuk. Ur-kontagailuen fabrika batean kokatzen da istorioa: langileak eztabaidan ari dira greba egin ala ez. Orduan, langileetan inkonformistenek haien bizimodua goitik behera aldatzea […]

Honekin lotuak