ZIENTZIALARI #141: Zientzialarik 10 urte (zuzeneko saio berezia) / Euskara beste hizkuntzak baino zailagoa da? (Cecilia Fernandez-Altonaga)

Martxoko saioa berezia izan da oso, izan ere, ZIENTZIALARI saioaren 10 urteak ospatzeko aitzakiarekin, zuzenean egin dugu, jendaurrean, Kafe Antzokiko Kutxa Beltzetik. EHUren Kultura Zientifikoko katedraren eta Zenbat Gararen ekimenez sortutako elkarlan proiektuaren bidea errepasatu dugu saioaren sortzaile eta lehenengo esatariaren, Xabier Monasterioren, eta katedraren egungo zuzendaria den Iker Badiolaren arteko solasaldi baten bidez. Saioaren hastapenaz eta ibilbideaz jardun dute eta bertatik igarotako izen batzuk ere gogoratu ditugu, audio collage bat entzunez.

Emankizunaren bigarren partean, bestalde, zientzialari batekin solastatu da Jabi Zabala, saioan ohi dugun moduan, eta oraingoan Cecilia Fernandez-Altonaga hizkuntzalaria izan du solaskide, Euskara ikastea beste hizkuntza batzuk ikastea baino zailagoa da? gaiaren inguruan. Hasteko, kontzeptuak argitzea izan dute helburu: hizkuntza batzuk besteekin alderatuta berez zailagoak ote diren eta hizkuntzen arteko distantzia linguistikoa, objektiboa izanik, nola nahasten dugun gure subjektibitatearekin, hizkuntzen zailtasunaren perzepzioa sortzeko. Ondoren, gizartean bueltaka dabiltzan hizkuntzari buruzko aurreiritzi batzuk aztertu dituzte: hizkuntza bat estigmatizatu nahian “zaila” edo “ilogikoa” izatearen fama eman ote zaion; minorizatua den; banako bakoitzak zer jarrerarekin hartzen duen ikasketa, zein motibaziorekin… Euskararen kasuan zaila delako mitoaren jatorria bilatzen saiatu dira, eta hor, besteak beste, hizkuntzen bikaintasun-hierarkiaren mitoa aurkitu eta diglosiaren testuinguruan euskara “zaharra”, “misteriotsua”, “isolatua”, “ez jasoa” bezala deskribatu izan duten hainbat aurreiritzi ere topatu dituzte, historian zehar jendea euskaratik urruntzeko ekarpena egin dutenak. Saioa borobiltzeko, publikoaren galderen tartea ere izan dugu, gaiak jendearengan pizten duen jakinminaren seinale.

Cecilia Fernández-Altonaga doktoregaia da EHUn eta Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatean (2022tik aurrera). Bi ikertaldetan parte hartzen du: Gogo Elebiduna ikertaldean EHUn eta IKER laborategian, Baionan. Bere tesia adberbioak eta modifikazioaren ingurukoa da eta semantika eta sintaxiaren alorrean kokatzen da. Bestalde, hainbat hizkuntzalaritza gai jorratu ditu zientzia zabalkunde jardueretan, eta saio honetan eztabaidatu dugun gaia horietako bat da.

Deskargatu hemen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Atharratzetik Bilbora ze mezu eramango zenuke?

og. Mar 26 , 2026
24. Korrika, hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu ondoren Igandean amaituko da. Martxoaren 19an abiatu zen Atharratzetik, eta Domekan Bilborairitsiko da, milaka eta milaka lagunen ahaleginari esker, lekukoa eskuz esku eramanez, euskararen aldeko konpromisoa berrituz. Bilbon, irakurriko da egunotan lekukoaren barruan bidaiatu duen mezu sekretua. Une sinbolikoa eta hunkigarria izango da, […]

Honekin lotuak