Gaur Bizkaiko ikastolen jaia izango dugu hizpide: Ibilaldia. 2026ko edizioa Bilbon ospatuko da, maiatzaren 31n, eta antolatzailea Kirikiño Ikastola izango da. Aurtengo leloa “Hiri Kiribili Bil” da; Bilbo, euskara, mugimendua eta komunitatea uztartzen dituen mezua. Kirikiño Ikastolak argi utzi nahi izan du Ibilaldia ez dela egun bateko festa soil bat: urte osoan zehar auzolanetik, kulturatik eta euskararen aldeko ekimenetatik eraikitzen den proiektua dela. Kirikiño Ikastolaren historia ere horixe baita: herritik eta herriarentzat sortutako egitasmoa. 70eko hamarkadan, Santutxun euskarazko hezkuntza bermatzeko sortu zen, familia eta irakasleen auzolanari esker, eta gaur egun ere euskararen transmisioa, komunitatea eta hezkuntza eraldatzailea ditu ardatz. Gainera, aurtengo Ibilaldiak badu bere soinu banda ere. “Hiri Kiribili Bil” kanta sortu dute euskal musikako hainbat aurpegi ezagunek: Aiora Renteria, Unai Madariaga eta Jon Fernandez, besteak beste. Belaunaldi arteko lotura, euskara eta komunitatearen indarra islatzen ditu kantuak, eta gaurko saioan ere presente izango dugu. Beraz, guzti hau gertutik ezagutzeko, gaur gurekin izango ditugu Kirikiño Ikastolako lehendakaria, irakasleak eta Euskara taldeko ikasleak.
Deskargatu hemen.

